100 urte

Euskal Pilota Historian jardunaldia, egunotan, Seguran

Gaurtik igandera bitarte, ikastaroa, erakusketa, hitzaldia, bote luzeko erakustaldia… ekarriko ditu Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren mendeurrenak

Ez dute atsedenik hartzen Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren (GEPF) mendeurreneko ospakizunek, eta hurrengo geldialdia Seguran egingo dute. Gaurtik hasita eta igandera bitarte, 'Euskal Pilota Historian' jardunaldia egingo dugu bertan; besteak beste, ikastaroaz, erakusketaz, hitzaldiaz eta bote luzeko erakustaldiaz gozatu ahal izango dute segurarrek eta herrira biltzen direnek.

Gaur bertan (2025-06-10), Segurako pilota eskolako ikasleek bote luzea, euskal pilotaren espezialitaterik zaharrena, ezagutzeko ikastaro trinkoa jasoko dute, 17:00etatik 18:30era, Baratze pilotalekuan.

Ostegunean, hilak 12, "Pilotalekuen ondarea eta paretaren mintzoa” izeneko erakusketa zabalduko dugu, Ardixarra Etxean, eta igandera arte bisitatu ahal izango da, honako ordutegian: ostegun eta ostiralean, 18:00etatik 20:00etara; larunbatean, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; eta igandean, 12:00etatik 14:00etara. Sarrera doan izango da.

Eta, larunbatean, hilak 14, herriko plazak hartuko ditu ekitaldiak. 11:00etatik 12:00etara, Daniel Carballok 'Euskal pilota historian zehar' hitzaldia eskainiko du. Eta 12:00etatik 13:30era, boteluzeko erakustaldiaz gozatzeko aukera izango da; gainera, ikusleen artean pintxoak banatuko dira.

Plan polita, beraz, Seguran, euskal pilotari buruz gehiago jakiteko. Ez galdu aukera!

miniImagen
Kartela
Pribatutasun ikuspegi orokorra

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile-esperientzia onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure arakatzailean gordetzen da eta funtzioak betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean antzematea eta gure taldeari webguneko zein atal iruditzen zaizkizun interesgarri eta erabilgarrien ulertzen laguntzea.