Munduko pilotari onenetakoak ariko dira; ekainaren 25ean jokatuko da finala, Irungo Ramuntxo Berri trinketean
Martxan da Emakumeen Paleta Argentinarreko Kutxa Sari Nagusia. Atzo iluntzean (2011-05-26) aurkeztu zuten, Donostiako Kirol Etxean, pilotari parte-hartzaileak bertan zirela. Eta igande honetan bertan, hilak 29, jarriko da martxan goi mailako txapelketa hau.
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) antolatzen duen lehiaketa honek Euskal Herriko pilotaririk onenak biltzen ditu eta, aldi berean, baita mundu mailakoak ere. Izan ere, inoiz trinketeko munduko txapeldun edota Munduko Kopako txapeldun izan dira, besteak beste, txapelketa honetan ariko diren Maite Ruiz de Larramendi, Maika Elguezabal, Amaia Etchelecu, Nagore Arozena, Maider Mendizabal, Stephanie Leiza eta Maritxu Housset.
Antolaketa Batzordeak, hain zuzen ere, 12 pilotari hautatu ditu, 6 bikote osatuz. Bikote hauek bi multzotan banatu dituzte, hiruna bakoitzean. Zehazki, hauexek dira parte-hartzaileak:
Aurrelariak
- Maider Mendizabal (Gipuzkoa)
- Maitane Aburuza (Gipuzkoa)
- Susana Muneta (Nafarroa)
- Haizea Zamora (Nafarroa)
- Amaia Etchelecu (Lapurdi)
- Stephanie Leiza (Lapurdi)
- Ordezkoak: Judith Etxarri (Nafarroa)
Atzelariak
- Nagore Arozena (Gipuzkoa)
- Maite Ruiz de Larramendi (Nafarroa)
- Maika Elguezabal (Lapurdi)
- Magalie Comet (Lapurdi)
- Maritxu Housset (Lapurdi)
- Severine Graciet (Landak)
- Ordezkoak: Amaya Serre (Nafarroa Beherea) eta Ainhoa Montes (Gipuzkoa)
Multzo bakoitzean joaneko ligaxka jokatuko dute pilotariek, denek denen aurka, maiatzaren 29tik ekainaren 12ra bitartean. Lehenengo eta bigarren postuetan sailkatutako bikoteek, elkarren aurka gurutzatuta, finalerdiak jokatuko dituzte norgehiagoka batera, ekainaren 19an. Ekainaren 25ean, azkenik, finalerdietako irabazleek finala jokatuko dute eta galtzaileek, berriz, 3. eta 4. posturako lehia.
Jardunaldi guztiak Irungo Ramuntxo Berri trinketean jokatuko dira, igande goizetan, 11:30etik aurrera. Finala, berriz, larunbatez jokatuko da, ordu berean. Jaialdi bakoitzean bina partida ikusteko aukera izango da. Hona hemen jardunaldiz jardunaldiko egutegia:
– Maiatzak 29, igandea, 11:30, Irun-Ramuntxo Berri
1. Stephanie LEIZA-Maite R. LARRAMENDI / Haizea ZAMORA-Magalie COMET
2. Maitane ABURUZA-Maritxu HOUSSET / Maider MENDIZABAL-Maika ELGUEZABAL
– Ekainak 5, igandea, 11:30, Irun-Ramuntxo Berri
1. Maider MENDIZABAL-Maika ELGUEZABAL / Amaia ETCHELECU-Nagore AROZENA
2. Haizea ZAMORA-Magalie COMET / Susana MUNETA-Severine GRACIET
– Ekainak 12, igandea, 11:30, Irun-Ramuntxo Berri
1. Susana MUNETA-Severine GRACIET / Stephanie LEIZA-Maite R. LARRAMENDI
2. Amaia ETCHELECU-Nagore AROZENA / Maitane ABURUZA-Maritxu HOUSSET
– Ekainak 19, igandea, 11:30, Irun-Ramuntxo Berri. FINALERDIAK
1. A1 / B2
2. B1 / A2
– Ekainak 25, larunbata, 11:30, Irun-Ramuntxo Berri. FINALA
1. 3.4. postuak
2. Finala
Txapelketaren jarraipena egin ahal izango duzue www.blogak.com/emakumeapilotari atarian edo webgune honetako Lehiaketa eta Kartelera ataletan.
Larunbatean, maiatzak 28, ospatuko da, Iruran, V. Emakumea Pilotari Eguna. Bertan elkartuko dira, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 2004tik martxan duen Emakumea Pilotari proiektuaren baitan, aurtengo ikasturtean emakumeen 20 urtetik gorako paleta ikastaroetan aritu diren emakumeak. Ikastaroetan ibilitako 80-90 lagun inguru izango dira bertaratuko direnak, guztira ikasturtean parte hartu dutenen erdiak, gutxi gorabehera.
Azken festa honetan, besteak beste, Emakumezkoen Gipuzkoako IV. Txapelketa Herrikoia jokatuko da. Herri bakoitzak bere ordezkaritza izango du txapelketa honetan; zehazki, 9 bikote lehiatuko dira: Azkoitia, Azpeitia, Donostia, Hernani, Ibarra, Oiartzun, Tolosa, Zarautz eta Zizurkil. Bikote hauek 3 multzotan banatuko dira; multzo bakoitzean ligaxka jokatuko dute denek denen aurka, eta lehendabiziko sailkatuek finalerdietara pasatuko dira, bigarren sailkatuen arteko onenarekin batera.
Txapelketaz gain, hala ere, paleta saioa ere izango da. Pilotalekua sei gunetan banatu eta hainbat joko egoera landuko dituzte bertaratutako emakumeek. Saio honetan 80 batek parte hartzea aurreikusten da. Saioa amaitu ostean txapelketa herrikoiko azken fasea jokatuko da: finalerdiak eta finala.
Bazkaria eta trikitilariak ere ez dira faltako ikasturteko lana merezi bezala ospatzeko, eta ezta oroigarriak ere.
Emakumea Pilotari Egunari hasiera 10:00ak aldera emango zaio, emakumeen iritsierarekin, eta 20:00ak aldera arte luzatuko da festa. Jarraian, egitarauan, zehatzago agertzen dira ekintzak eta ordutegiak:
– 10:00- 10:20: Irurako frontoira iritsi eta saiorako prestatu. Partida jokatu behar dutenek beroketa.
– 10:30-11:45: Emakumezkoen Gipuzkoako IV. Txapelketa Herrikoia. Ligaxka.
– 11:45-12:00: Beroketa.
– 12:00-13:00: Saioa, 6 gunetan.
– 13:15-13:40: Emakumezkoen Gipuzkoako IV. Txapelketa Herrikoia. Finalerdiak. 1. finalerdia: A1 / B2; 2. finalerdia: B1/ A2.
– 13:45: Emakumezkoen Gipuzkoako IV. Txapelketa Herrikoia. Finala.
– 14:00: Oroigarri eta sari banaketa.
– 15:00: Bazkaria eta parranda trikitilariekin.
– 20:00: Itzulerako autobusaren irteera.



