Horixe izan nahi du 2018ko Gipuzkoako Pilota Egunak; igandean, hilak 20, ospatuko da festa, Azpeitian; bertako Izarraitz frontoi eraberrituan eman dugu gaur xehetasunen berri
"Gipuzkoako pilota familia guztiaren eguna". Horixe izan nahi du 2018ko Gipuzkoako Pilota Egunak. Igandean, hilak 20, ospatuko da festa, Azpeitian. Eta gaur izan da aurkezpena, bertako Izarraitz frontoi eraberrituan. Andoni Lertxundi Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren presidenteak, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Esti Elduaien Kirol zinegotziak eta Xabier Tolosa pilotari profesional anoetarrak hartu dute parte agerraldian.
Lertxundik adierazi duenez, "ez da kasualitatea Azpeitia aukeratu izana aurtengo Pilota Egunerako". Zaletasun handiko herria da, eta azken urteotan "nabarmen" egin du gora pilotak, "Ikasberri eta Ilunpe taldeei, pilotariei eta pilotari gaztetxoen gurasoei esker". Udalak egin duen "pilotaren aldeko apustu garbia" ere azpimarratu du presidenteak.
Etxeberria alkateak eskerrak eman dizkio, era berean, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioari, "aukera hau emateagatik". Eta Lertxundik esandakoari jarraituz, herriko elkarteek urteotan "herrian pilota dagoen tokira eramateko lan handia" egin dutela goraipatu du, harrobia zainduz etorkizunerako apustu garbia egin dutela gaineratuz. Bidelagun izan dituztela eta laguntzen jarraituko dutela gehitu nahi izan du.
Bide batez, pilotazale guztiak animatu ditu "pilotarekin disfrutatzera Azpeitian".
Egitarau oparoa dago prest iganderako.
10:00ak aldera hasiko da eguna, eta herriko hainbat frontoitara zabalduko da festa: Iraurgi, Urola, Etxegarai, Izarraitz, Frontoi Txiki…; udaletxe plazara ere bai… 6 eta 14 urte bitarteko haurrek pilota jokamolde ezberdinak praktikatzeko aukera izango dute. Eta, horrez gain, zenbait espezialitatetako erakustaldiak ere ikusi ahal izango dira. Goizeko ekitaldiei amaiera emateko, Crohn gaixotasuna duten pertsonen alde lan egiten duen asoziazioaren aldeko elkartasun-barrenea jokatuko da.
14:00etan nahi duen orok bazkaltzeko aukera izango du, Azoka Plazan. Bazkarirako txartelak federazioan daude salgai (943 47 14 63 edo 693 05 91 21).
Ondorengo lerrotan zehazten ditugu Trinketeko Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketako final guztietako emaitzak, pilotari txapeldunak eta txapeldunordeak:
ESKUZ BANAKA
– Gizonezkoak, kadeteak: OIARPE (Zalakain) 30 / MUNDARRO (Lizeaga) 17
– Gizonezkoak, jubenilak: URNIETA (Aldunberri) 35 / AZKOITIA (Azkoitia) 17
– Gizonezkoak, nagusiak 1. maila: BEHAR ZANA (Maiz) 29 / URNIETA (Loitegi) 40
– Gizonezkoak, nagusiak 2. maila: EPLE (Taberna) 31 / BERGARA (Muguruza) 40
ESKUZ BINAKA
– Gizonezkoak, kadeteak:
MUNDARRO (Lizeaga-Mujika) 40 / OIARPE 1 (Aranburu-Zalakain) 26
– Gizonezkoak, jubenilak:
TOLOSA-AURRERA (Zalakain-Auzmendi) 29 / URNIETA (Arizmendi-Aldunberri) 40
– Gizonezkoak, nagusiak 1. maila:
URNIETA (Loitegi-Esnaola) 40 / BEHAR ZANA 2 (Irisarri-Gurutzealde) 10
– Gizonezkoak, nagusiak 2. maila:
BEHAR ZANA (Irisarri-Maiz) 40 / HERNANI 2 (Pagola-Arizmendi) 25
PALETA ARGENTINARRA
– Emakumezkoak, nagusiak 1. maila:
HERNANI 1 (Irazustabarrena-Arrieta) 30 / HERNANI 2 (Huizi-Araiztegi) 29
– Emakumezkoak, nagusiak 2. maila:
RAMUNTXO 2 (Etxegia-Erasun) 29 / RAMUNTXO 1 (Etxegia-Aizpuru) 30
– Gizonezkoak, nagusiak 1. maila:
RAMUNTXO 1 (Larrarte-Mutuberria) 30 / RAMUNTXO 2 (Monserrat-Pablos) 29
– Gizonezkoak, nagusiak 2. maila:
RAMUNTXO 2 (Oiartzun-Galdos) 30 / REAL SOCIEDAD 1 (Aranalde-Lujanbio) 14
Trinketeko Gipuzkoako Txapelketak utzitako datu guztiak webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Gipuzkoa Trinketa atalean kontsulta daitezke: https://bit.ly/2sZPFfk. Bestetik, Argazki galeriak txokoan, sari-banaketetako hainbat irudi daude ikusgai: https://bit.ly/2pdWh5x

