2026ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa abiatzeko prest da. Atzo iluntzean (2026-04-21) egin genuen aurkezpen ekitaldia eta kanporaketen zozketa, Donostiako Kirol Etxean, parte hartuko duten herrietako ordezkari eta pilotari asko eta askok lagunduta (beheko irudietan ikus daitezke zozketa horrek erabakitakoak espezialitate bakoitzean: eskua, larruzko paleta-pala motza eta gomazko paleta).
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren (GEPF) presidente Iñaki Lizasok eskerrak eman zizkien guztiei, “zuen bolondres lanik gabe ez zelako euskal pilota posible izango”. Erakundeen eta enpresen “beharrezko laguntza” ere eskertu zuen; eta alboan izan zituen, hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiko (GFA) Kirol Zuzendari Roberto Ramajo eta berriz ere txapelketaren babesle izango den Rural Kutxaren ordezkari Lide Cruz (Aramendia pasteleriak ere babestuko du txapelketa, azken bi edizioetan bezala, baina ezin izan zuten atzoko agerraldian izan).
Rural Kutxako Cruzek eskerrak eman zizkion federazioari, “berriro gurekin kontatzeagatik. Txapelketa berezia da guretzat, gure baloreekin bat egiten du”.
GFAko Kirol Zuzendari Ramajorentzat, “gure herrien arteko lotura, gure nortasun elkarbanatua” islatzen du txapelketak: “Bizikidetza, errespetua eta konpromiso kolektiboa sustatzeko tresna paregabea da. Eta zuen inplikaziorik gabe ez litzateke posible izango”.
Izan ere, herrien arteko lehiaz haratago, pilota festa da Herriarteko Txapelketa. 2026ko edizioak 495 pilotari elkartuko ditu: 24 herrik eman du izena eskuzko lehian (58. edizioa), 10 ariko dira larruzko paletaz eta pala motzez (35.a) eta 18 gomazko paletaz (8.a) (zesta-puntaz, bi herrik besterik ez dute izena eman eta, hortaz eta zoritxarrez, ez da txapelketarik izango espezialitate honetan):
ESKUA
- Aduna
- Aia
- Albiztur
- Alegia
- Amasa-Villabona
- Amezketa
- Andoain
- Antzuola
- Aretxabaleta
- Astigarraga
- Azkoitia
- Azpeitia
- Bergara
- Donostia
- Eibar
- Hernani
- Lazkao
- Oiartzun
- Oñati
- Usurbil
- Zaldibia
- Zegama
- Zestoa
- Zizurkil
LARRUZKO PALETA ETA PALA MOTZA
- Andoain
- Azpeitia
- Deba
- Donostia
- Errenteria
- Lazkao
- Oiartzun
- Olaberria
- Ordizia
- Zumaia
GOMAZKO PALETA
- Aia
- Alegia
- Andoain
- Anoeta
- Astigarraga
- Azkoitia
- Donostia
- Eibar
- Errenteria
- Hernani
- Lasarte-Oria
- Oiartzun
- Soraluze
- Tolosa
- Zarautz
- Zestoa
- Zumaia
- Zumarraga
Eskuz, 3 herri gehiago lehiatuko dira aurtengo edizioan, 24: ez dira izango Ataun eta Beasain; baina Aia, Albiztur, Antzuola, Donostia eta Zizurkil batu dira zerrendara.
Palako lehian ere igo da izen-ematea, 4 herri gehiagorekin: Lazkao, Oiartzun, Olaberria eta Zumaia gehitu zaizkie iazko parte-hartzaileei.
Eta gomazko paletaz ere 4 herri gehiago lehiatuko dira: Deba eta Mutriku ez dira izango, baina bai Alegia, Anoeta, Eibar, Errenteria, Soraluze eta Zestoa.
2026ko edizioak berrikuntza izango du, gainera: trofeo bereziak. Horiek erakusten eta azalpenak ematen izan ziren aurkezpenean Iker Urmeneta pilotari eta lanbide heziketako irakaslea eta Garikoitz E.Murua sortzailea. Sortzen zen zabor guztiaz kezkatuta, esparadrapo hondakinak biltzen hasi ziren ikastetxean, hainbat pilota klubekin elkarlanean, irtenbide bat bilatu nahian. “Zailtasunik handiena esparatrapuari kola kentzea izan zen. Urarekin nahastuz, azkenean fibra sortu dugu, moldagarri izan daitekeena”, azaldu zuen Urmenetak. Horixe baliatuz eta bere ikutua emanez sortu du garaikurra E.Muruak: “Euskarri bat besterik ez da, pilota bati lekua egiteko, balorea duena pilota bera da, horrek ematen dio bizia”. Klubek esparatrapua biltzen egin duten esfortzua “sari moduan bueltan ematea” nahi izan dute.
Maiatzaren 3ko asteburuan hasiko da txapelketa, eskuzko eta gomazko paletako lehien kanporaketekin. Eta maiatzaren 10ekoan ekingo diete erremintakoari.
Lehendabiziko finala, hain zuzen, larruzko paleta eta pala motzeko txapelketarena izango da, ekainaren 21eko jardunaldian. Eskuzko eta gomazko paletako finalak, berriz, ekainaren 28ko asteburuan izango dira ikusgai.
Datu historikoei erreparatuta, eskuzko txapelketan Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien, 16, hain zuzen ere (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde) Azpeitia da bigarren palmaresean, 8 txapelekin (6 bider azpitxapeldun); eta Donostia hirugarren, 6rekin (4tan txapeldunorde). Azken edizioa Oiartzunek irabazi zuen (bere bosgarren txapela jantziz), eta Hernani izan zen txapeldunorde (beste 5 txapel dituzte hernaniarrek).
Palaz, Andoainek eta Donostiak dituzte txapel gehien, 8 (7 eta 6 aldiz izan da txapeldunorde, hurrenez hurren); Errenteria da ondoren palmaresean, 7 txapelekin (txapeldunorde 6 bider); eta Olaberria gero, 6rekin (2tan txapeldunorde). Andoainek irabazi zuen aurreko edizioa, eta Errenteria izan zen txapeldunorde.
Gomazko paletaz, azkenik, Azkoitia da lider sailkapenean, 3 txapelekin (ez da sekula txapeldunorde izan); eta atzetik dira Donostia eta Astigarraga, 2rekin (2tan txapeldunorde Donostia eta behin Astigarraga). 2025eko edizioan Astigarragak jantzi zuen txapela, eta Donostia izan zen txapeldunorde.
Webgune honetako Lehiaketa-Emaitzak-Federatua-Herriartekoa atalean egongo da eskuragarri txapelketaren inguruko informazio guztia. Eta aurkezpeneko argazkiak ikusgai Argazkiak txokoan.







