Lehiaketa

Luzean eta Kapito Harri taldeek jokatuko dute Enrique Abril Errebote Txapelketako finala

Oiartzungo Txost taldeak galdu egin du finalerdia eta, hortaz, ez da Gipuzkoako ordezkaririk izango finalean; 10:30ean hasiko da lapurtarren arteko aurrez aurrekoa, Villabonako Errebote plazan

[EGUNERATZEA]

Enrique Abril Errebote Txapelketako finala, atzeratuta.

Luzean taldeko Onsalo sakalariak buruan pilotakada jaso eta bertan behera gelditu zen partida (markagailuan Luzean 3 / Kapito Harri 2 irakurtzen zela).

Zorionez, pilotaria onik dago.

Azaroaren 5ean berrekingo diote finalari, 10:30ean, Villabonan.

_______________________________________________________________________________________

Aurten ere ez da Gipuzkoako ordezkaririk izango Enrique Abril Errebote Txapelketako finalean.

Izan ere, Txost-ek (Oiartzun) galdu egin du Luzean taldearen (Donibane Lohizune) kontra Villabonan jokatutako finalerdia (2023-10-08), 5-13ko emaitzarekin, eta Zubietak (Txost-en aurka galduta) eta Villabonako Behar Zanak (Uztaritzeko Kapito Harri taldearen kontrakoan ez agertzea eginda) final-laurdenetan esan zioten agur txapelketari.

Beste finalerdian, Zubietan (2023-10-07), Kapito Harri taldeak 6-13 irabazi dio Kanboarrak taldeari. Beraz, lapurtarren arteko finala izango da ikusgai 60.edizioan.

Eguraldia lagun, igandean jokatuko dute finala donibandarrek eta uztariztarrek, Villabonako Errebote plazan:

Urriak 15, igandea, 10:30, Villabona-Errebote plaza
 

LUZEAN (Donibane Lohizune) vs KAPITO HARRI (Uztaritze)

Luzean taldeak 30 final jokatu ditu Enrique Abril Errebote Txapelketan (igandekoa 31.a izango da). 19 aldiz jantzi dute txapela donibandarrek: 1963-64, 1964-65, 1965-66, 1966-67, 1967-68, 1975-76, 1976-77, 1977-78, 1978-79, 2005-06, 2008-09, 2012-13, 2013-14, 2014-15, 2015-16, 2016-17, 2017-18, 2021-22 eta 2022-23 denboraldietan, hain justu. Eta beste 11 aldiz izan dira txapeldunorde, denboraldi hauetan: 1968-69, 1972-73, 1973-74, 1982-83, 1989-90, 1993-94, 2002-03, 2006-07, 2007-08, 2011-12 eta 2018-19.

Kapito Harri taldea, bestalde, 18 finaletan lehiatu da (bere 19.a izango da igandekoa). 11 aldiz izan dira txapeldun uztariztarrak: 1995-96, 1998-99, 1999-2000, 2000-01, 2003-04, 2004-05, 2006-07, 2007-08, 2009-10, 2010-11 eta 2011-12 denboraldietan, hain zuzen ere. Eta 7 bider txapeldunorde, denboraldi hauetan: 1983-84, 1984-85, 1986-87, 1994-95, 1997-98, 2001-02 eta 2012-13.

Bi taldeek 4 final jokatu dituzte elkarren aurka txapelketa honetan (aurtengoa, 5.a): 2006-07an, 2007-08an, 2011-12an eta 2012-13an. Lehendabiziko hiruetan Kapito Harri taldeak irabazi zuen (13-5, 13-3 eta 13-4), eta azkenekoan Luzean-ek (13-5).

Iaz jokatu zuen bere azken finala Luzean-ek, Noizbait taldearen kontra, eta baita bere azken txapela jantzi ere: 13-4 irabazi zieten donibandarrek hazpandarrei.

Kapito Harri, berriz, 2011-12ko edizioan iritsi zen azken aldiz finalera, eta txapela lortu zuen, Luzean-en kontra, hain justu. 13-4 irabazi zuten uztariztarrek. 

Palmaresari dagokionean, Luzean taldea da sailkapen buru, esan bezala, 19 txapelekin (11 aldiz txapeldunorde). Atzetik ditu Aviron Bayonnais, 14 txapelekin (6 aldiz azpitxapeldun); Kapito Harri, 11rekin (7 aldiz txapeldunorde); Behar Zana eta Noizbait, 4rekin (biak 9 aldiz azpitxapeldun); Zubieta eta Endaiarrak, 2rekin (hurrenez hurren, 5 aldiz eta behin txapeldunorde); eta Yoko Garbi eta Zaharrer Segi, banarekin (lehenak 6 aldiz txapeldunorde eta bigarrenak behin). Oiarpe, Donapaleu eta Sara taldeek ez dute txapelik, baina hirurak behin izan dira azpitxapeldun.

Euskal Herriko 6 talde lehiatu dira 60. Enrique Abril Errebote Txapelketan: Behar Zana (Amasa-Villabona), Kanboarrak (Kanbo, Lapurdi), Kapito Harri (Uztaritze, Lapurdi), Luzean (Donibane Lohizune, Lapurdi), Txost (Oiartzun, Gipuzkoa) eta Zubieta (Zubieta, Gipuzkoa).

 

 

Lehiaketa-Federatua-Enrique Abril-Errebote nagusiak atalean kontsulta daiteke txapelketaren inguruko informazioa. Eta hainbat irudi ikusgai daude Argazki galeriak txokoan.

miniImagen
Pribatutasun ikuspegi orokorra

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile-esperientzia onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure arakatzailean gordetzen da eta funtzioak betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean antzematea eta gure taldeari webguneko zein atal iruditzen zaizkizun interesgarri eta erabilgarrien ulertzen laguntzea.