Maiatzaren 7an, asteazkenean, bukatuko da izena emateko epea.
Zabaldu berri da 2013-2014ko Trinketako Emakumea Pilotari Txapelketan izena emateko epea.
Bi mailatan jokatuko da lehia: nagusien 2. maila eta nagusien 1. maila.
Aurreikusitakoaren arabera, maiatzaren 16tik ekainaren 20ra bitarte jokatuko da aipatutako txapelketa hau. Parte-hartzaileen kopuruaren arabera aldaketak egon daitezke.
Partida guztiak ostiraletan izango dira, Donostiako Gaska trinketan.
Aipatu legez, maiatzaren 7a izango da izena emateko azken eguna.
Webgune honetako Lehiaketak atalean aurkituko dituzue xehetasun gehiago eta hainbat dokumentu: aurkezpena, araudia, eranskina, izen-emate orria, zesio eredua…
Igande honetan (2014-04-27) jokatuko da 50. Enrique Abril Errebote Txapelketa – Kutxa Sariko finala. Luzaz Gazte (Donibane Lohizune) eta Zubieta taldeak izango dira aurrez aurre.
Finala azaroan jokatzekoa bazen ere, eguraldi txarragatik bertan behera utzi eta udaberrira atzeratu zen. Igande honetan, eguraldia lagun Villabonan jokatuko da finala.
*Apirilak 27, igandea,11:00, Villabona – 50. Enrique Abril-Kutxa Sariko finala
Errebote nagusiak: Luzaz Gazte- Zubieta
Edizio berezia da, gainera, aurtengoa; izan ere, 50 urte betetzen ditu txapelketak.
Hau ospatzeko, urte hauetan txapeldun izan diren talde guztiak gonbidatu ditu Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF). Zoritxarrez, pilotarien lesioak eta lan arazoak direla medio, zenbait taldek ezin izan dute jokatu 50. edizio honetan. Baina Baigorriko Zaharrer Segi, Uztaritzeko Kapito Harri eta Donibane Lohizuneko Luzaz Gazte lehian aritu dira, Gipuzkoako hiru talderekin batera: Zubieta, Villabonako Behar Zana eta Oiartzungo Txost.
Kutxak ere ez du zita berezi hau galdu nahi izan, eta bere babesa jaso du Enrique Abril Errebote Txapelketak.
Txapelketaren jarraipena egin nahi izanez gero, web gune honetako Lehiaketa eta Kartelera atalak bisita ditzakezue. Horrez gain, Finalen historikoa deritzon dokumentua aurki dezakezue Lehiaketa Enrique Abril sailean.



