Ikastaroak

Kirola, festa eta aldarrikapena Emakumea Pilotari Egunean

10 urte beteko ditu aurten topaketa berezi honek

Larunbatean (2015-05-28) ospatuko da 2016ko Emakumea Pilotari Eguna, Iruran. 10 urte beteko ditu aurten topaketa eta festa berezi honek. Bertan elkartuko dira Gipuzkoako zenbait herritan aurten ere eskaini diren aisialdiko paleta ikastaroetan aritutako emakumeak. Emakumea Pilotari proiektuaren baitan eskaintzen ditu ikastaro hauek Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak, 18 urtetik gorako emakumeentzat.

10:00etan ekingo diote festa egunari, Emakumezkoen IX. Gipuzkoako Txapelketa Herrikoiaren lehen fasearekin. 8 herrik ordezkaritza izango dute txapelketa honetan: Andoain, Azkoitia, Azpeitia, Donostia, Hernani, Oiartzun, Tolosa eta Zizurkil. Bikote guztiak bi multzotan banatuko dira, eta multzo bakoitzeko lehendabiziko bi sailkatuak finalerdietara pasatuko dira.

Txapelketaren lehen fase honen ondoren, saio bateratua izango da emakume guztiekin, era desberdinetako ariketekin. Eta, hori bukatuta, hamaiketakoa izango dute bertaratutakoek.

13:10 aldera Txapelketa Herrikoiaren bigarren faseari helduko diote: lehenik finalerdiak jokatuko dituzte, eta jarraian finala.

14:00-14:30 ingururako aurreikusten da sari-banaketa, eta ondoren parte-hartzaile guztiek talde-argazkia aterako dute.

Eta, eguna behar bezala borobiltzeko, bazkarian elkartuko dira denak.

Hona hemen, zehatz mehatz, eguneko egitaraua:

– 10:00: X. Emakumea Pilotari Egunaren hasiera, Emakumezkoen IX. Gipuzkoako Txapelketa Herrikoiaren lehen fasearekin

– 11:45: Paleta saioak eta jolasak

– 12:50: Hamaiketakoa

– 13:10: Emakumezkoen IX. Gipuzkoako Txapelketa Herrikoiaren bigarren fasea: finalerdiak eta finala

– 14:00: Oroigarri eta sari banaketa eta talde argazkia

– 15:00: Bazkaria

miniImagen

Jai giroan ospatu zen, larunbatean (2016-05-28), X. Emakumea Pilotari Eguna, Iruran. Bertan elkartu ziren Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak, Emakumea Pilotari proiektuaren baitan, lurraldeko zenbait herritan eskaintzen dituen aisialdiko paleta ikastaroan aritu diren emakume ugari. Kirola eginez, elkar ezagutuz eta euskal pilota emakumeen kirola ere badela aldarrikatuz, festa egun polita bizi izan zuten denek.

Emakumezkoen IX. Gipuzkoako Txapelketa Herrikoiak eman zion hasiera egitarauari. Zizurkilgo bikoteak jantzi zuen txapela, Andoaingo bikoari 9-12 irabazita. Oso final orekatua izan zen, tanto guztiak lehiatuak eta politak izan ziren, eta amaiera arte emozioa nagusitu zen (9na berdindurik egon ziren). Partida 12 tantora jokatu zen arren, 30 bat minutu iraun zuen, eta azkenerako laukoteak neke zantzuak ere erakutsi zituen, batez ere bi atzelariek, pilota asko jo behar izan baitzuten.

Finalerdiak ere markagailuak erakusten duena baino orekatuagoak izan ziren: Zizurkilek 12-6 irabazi zion Hernaniri, eta Andoainek 12-5 Azpeitiari.

Azkoitiko, Donostiako, Oiartzungo eta Tolosako bikoteak ere lehiatu ziren txapelketan.

 

Txapelketaz gain, saioak eta jolasak ere izan ziren bertaratutakoentzat. 5 gune ezberdinetan banatuta aritu ziren jolas ezberdinak egiten aldi berean, giro eta umore onean.

Eta egunari behar bezalako amaiera emateko, bazkarian elkartu ziren guztiak, trinketeko tabernan.

Federazioak parte-hartzaile guztiak zoriondu nahi ditu, erakutsitako gogo eta jarreragatik. Hurrengo ikasturtera arte!

miniImagen
Pribatutasun ikuspegi orokorra

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile-esperientzia onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure arakatzailean gordetzen da eta funtzioak betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean antzematea eta gure taldeari webguneko zein atal iruditzen zaizkizun interesgarri eta erabilgarrien ulertzen laguntzea.