2. urteko alebinek eta 1. eta 2. urteko infantilek hartzen dute parte, eskuz banaka; finalak abenduaren 23an izango dira
Martxan da 2011-12ko Gipuzkoako Errendimenduko Txapelketa. 2. urteko alebinek eta 1. eta 2. urteko infantilek hartzen dute parte lehia honetan, eskuz banakako espezialitatean.
Errendimenduan Hasteko Ibilbidean hiru dira txapelketak, guztiak ere 2. urteko alebinentzat eta 1. eta 2. urteko infantilentzat; eta hauxe da lehendabizikoa, urrian hasi eta abendura arte luzatuko dena. Gero etorriko da Gipuzkoako Errendimenduko Txapelketa, eskuz binaka, urtarriletik apirilera bitartean. Eta, azkenik, Udaberriko Errendimenduko Txapelketa, hau ere eskuz binaka, apiriletik ekainera.
58 talde ariko dira 2. urteko alebinen mailan (iaz 70 izan ziren), 63 talde infantilen 1. mailan (iaz 60), eta 60 talde infantilen 2. mailan (iaz 54); denera, beraz, 181 talde lehiatuko dira (iaz baino 3 gutxiago, 184 baitziren 2010-11ko edizioan).
Lehendabiziko fase bat jokatuko dute aurrena, bakoitza bere mailan eta multzoka banatuta, denek denen kontra, azaroaren 13a bitartean. Ondoren, bigarren fasean, azaroaren 27tik aurrera, hobekien sailkatutakoek Gipuzkoako lehia jokatuko dute, eta gainontzekoek, bi multzotan banatuta, eskualdeetako lehiak (Ekialdekoa eta Mendebaldekoa), abendura arte. Finalak abenduaren 23rako aurreikusten dira.
Partidak etxean eta kanpoan sistema erabiliz jokatuko dira. Finalak, berriz, egoitza zehatzetan izango dira.
Jardunaldiz jardunaldiko jaialdiak kontsultatu nahi izanez gero, webgune honetako Kartelera atalera jo dezakezue, eta txapelketaren jarraipen zehatza egin Lehiaketa atalean. Aurreko denboraldiko datuak eta argazkiak ere ikusgai daude, hurrenez hurren, Historikoak eta Argazki galeria ataletan.
Ezker Hormako Gipuzkoako Elkarteen Arteko Txapelketako bi final jokatuko dira asteburu honetan. Emakumeen gomazko paletako nagusien mailako finalak (1. eta 2. maila), hain zuzen ere. Igandean izango dira, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan, 11:00etatik aurrera. Hona hemen jaialdia:
*Urriak 23, igandea, 11:00, Zarautz-Aritzbatalde
1. Gomazko paleta neska nagusiak, 2. maila: ALTZATARRA 2 (Bañales-Lendinez) / ORIO (Indo-Beldarrain)
2. Gomazko paleta neska nagusiak, 1. maila: SU-BERRI 2 (Arozena-Mendizabal) / HERNANI 1 (Manzisidor-Semper)
Webgune honetako Lehiaketa atalean kontsulta daitezke txapelketak utzitakoak: emaitzak, sailkapenak…
Txapelketa berria eta berritzailea hartuko du 2011-12 denboraldiak. Estreinakoz, Gurpil Aulkiko Gomazko Paletako Txapelketa antolatu baitute Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak. Larunbat honetan bertan hasi (2011-10-22) eta abendura bitartean jokatuko da, lurraldeko hainbat txokotan.
Oraingoz, sei lagun ariko dira: Edurne Unamuno, Andoni Aizpeolea, Urko Peña, Patxi Fadrique, Edorta de Anta eta Beñat Lizaso. Baina parte-hartzea zabalik da edonorentzat, eta ez bakarrik gurpil aulkian ibiltzen direnentzat, gainera. Pilotari ezinduak ez direnek ere jokatu ahal izango dute, beti ere ordezko postua hartuz eta gainontzekoek bete beharreko joko araudi berak betez. Izan ere, integrazioa bultzatu eta bestearen lekuan jartzea lortu nahi du, besteak beste, ekimen honek.
Ondorengo ezaugarriak izango ditu lehiak:
– Partidak 25 tantora.
– Pilota: mollepelle urdina.
– Paleta: errefortzu gabeko paleta.
– Sakea: 1. botea 3. koadroaren atzetik (10,5m), faltako marra 2. koadroan (7m) eta luze marra edo pasa 4. koadroan (14m).
– Pilotariek airez, bote baten ondoren eta bigarren botearen ondoren jo dezakete pilota. Hirugarren botea egiten badu, txarra izango da beranduegi jo duenarentzat.
Partidak larunbatetan izango dira, egoitza desberdinetan, hala, ekimenaren berri han-hemen emanez:
– 1. jardunaldia: urriak 22, Usurbilen.
– 2. jardunaldia: azaroak 5, Antzuolan.
– 3. jardunaldia: azaroak 19, Zegaman.
– 4. jardunaldia, finala: abenduak 17, Lasarten, Loidibarrenen (kiroldegi ondoko pilotalekuan).
Lehendabiziko hiru jardunaldiei dagokienean, bakoitzean hiru bikote finko izango dira, eta hiruren arteko ligaxka jokatuko da. Hiruretan, beraz, hiru norgehiagoka izango dira ikusgai, eta bikote bakoitzak bi jokatuko ditu. Irabazle bakoitzari bina puntu emango zaizkio eta galtzaile bakoitzari bana. Ondoren, lehendabiziko hiru jardunaldien azken sailkapena kontuan hartuz, bikoteak antolatuko dira berriro. Eta laugarren jardunaldian bikote horien arteko ligaxka eta behin betiko sailkapena egingo da.
Webgune honetako Lehiaketa-Egokitua atalean aurkituko duzue txapelketaren inguruko xehetasun gehiago, eta bai bertan bai Kartelera atalean egin ahal izango duzue astez asteko jarraipena. Argazki galeriak atalean hainbat irudi daude ikusgai.



.jpg)
