Bigarren urtez jarraian, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) eta Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak jarraipena emango diote iaz abian jarritako lankidetza-hitzarmenari. Akordio horri esker, aurten ere, Goienerrek babestuko ditu emakumezkoen Gipuzkoako lau t’erdiko txapelketak (alebin eta infantilena batetik, eta kadete eta nagusiena bestetik), eta Goiener Saria izena emango dute.
Bi eragileek Donostiako Atano III.a pilotalekuan eman dute elkarlanaren berri. Iñaki Lizaso Perez GEPFko presidentea pozik agertu da Goienerrekin sinatutako akordioarekin: “Gipuzkoako Pilota Federazioarentzat garrantzia handia du Goienerrek emandako babesak, akordio honekin emakumeen pilotari bultzada eta ikusgarritasuna eman baitzaio”. Lizasoren ustez “Goienerrek, bere txikitasunean, bikain islatzen ditu euskal pilotaren izaera eta balioak“.
Goiener Sariko final guztiak ekainaren 13an jokatuko dira, Donostiako Atano III. pilotalekuan. Lizasoren hitzetan, “festa handia izango da”, eta Hamaika Telebistak zuzenean eskainiko du jaialdia.
Erika Martínez Lizarraga Goienerreko lehendakariak, bere aldetik, adierazi du pozgarria izan dela “orokorrean, emakumezkoen kirola eta bereziki euskal pilota babesteko aukera izatea“. Bi erakundeak iaz hasi ziren elkarrekin bidea egiten. Martinezen hitzetan, “Goienerrek espero du akordio hau bide luze baten hasiera baino ez izatea“, bi erakundeek elkarrekin jarraitu dezaten “berdintasunaren, euskararen eta berriztagarrien aldeko konpromisoan“.
Agerraldiaren bideoa ikusgai dago esteka honetan.
