Lehiaketa

Gipuzkoak Champions de Llargues de Clubs 2026 txapelketan parte hartuko du asteburu honetan Montserraten

Gipuzkoak Champions de Llargues de Clubs 2026 txapelketan parte hartuko du urriaren 2tik 4ra, Montserraten (Valentzia). Txapelketak 13 klub bilduko ditu, sei jatorritako ordezkariekin: Herbehereak, Belgika, Frantzia, Italia, Euskadi eta Valentziako Erkidegoa.

Gipuzkoaren ordezkaritza iazko Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuen taldeak osatuko du. Talde hartako kideak honako hauek dira:

  • Julen Aizpuru Garmendia
  • Iñaki Azkoitia Irastorza
  • Iñaki Esnal Aizpurua
  • Andoni Urbieta Etxeberria
  • Ibai Urbieta Etxeberria
  • Jon Urbieta Otaegi
  • Xabier Urbieta Otaegi
  • Julen Alberdi Mendizabal

Gipuzkoa 2. multzoan ariko da, CPV La Rectoría eta Paume Maubeugeoise taldeekin batera.

Txapelketaren egitaraua ostiralean, urriaren 2an, hasiko da. 19:00etan taldeen harrera egingo da, 20:00etan irekiera ekitaldia eta taldeen aurkezpena, eta 21:00etan Vermut Fest 2026 afaria.

Multzoen fasea urriaren 3an, larunbatean, jokatuko da, 09:00etatik 18:00etara. Gipuzkoak 09:00etan jokatuko du lehen partida, CPV La Rectoríaren aurka, eta 10:15ean bigarrena, Paume Maubeugeoiseren aurka.

Igandean, urriaren 4an, lehen finalerdia 09:30ean jokatuko da, bigarrena 11:00etan, eta finala 12:30ean. 14:00etan sari banaketa eta amaierako herri bazkaria egingo dira.

Gipuzkoarekin batera, Bizkaiak ere parte hartuko du txapelketan. Bizkaia 4. multzoan ariko da, CPV Tibi, KNKB Franeker eta CPV Alzira taldeekin batera.

Zer da llargues modalitatea?

Llargues kalean edo horretarako prestatutako kantxetan jokatzen den pilota valentziarraren modalitate tradizionaletako bat da, joc a ratlles edo arraien jokoen barrukoa. Euskal Herriko bote luzearen pareko modalitatea da. Taldeak aurrez aurre aritzen dira, eta pilota eskuz jokatzen dute.

Modalitatearen bereizgarri nagusietako bat ratlles edo arraiak dira, joko-eremuan markatzen diren erreferentziak. Arraiek jokoaren garapena eta tantoa erabakitzeko modua baldintzatzen dituzte. Puntuazioa 15, 30, val eta jokoa sistemaren arabera zenbatzen da.

*Argazkian, iazko Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuen eta aurten Champions de Llargues de Clubs 2026 txapelketan parte hartuko duen Gipuzkoako taldea.

Pribatutasun ikuspegi orokorra

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile-esperientzia onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure arakatzailean gordetzen da eta funtzioak betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean antzematea eta gure taldeari webguneko zein atal iruditzen zaizkizun interesgarri eta erabilgarrien ulertzen laguntzea.