Bizkaia 1 taldea izango du aurkari, urriaren 16an, Buñuelen (Nafarroa); bere lehendabiziko txapela ekarri nahi dute etxera gipuzkoarrek
Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko du Gipuzkoak. Bizkaia 1 taldea izango du aurkari, hilaren 16an, larunbata, Nafarroako Buñuel herrian. Gipuzkoarrek Iparralde 2 taldeari irabazi zioten finalerdietan (11-1), eta Bizkaia 1 Bizkaia 2 taldeari nagusitu zitzaion (5-3). Hauxe izango da, beraz, seigarren edizio honetako finala:
Urriak 16, larunbata, 12:00, Buñuel-San José de Calasanz plaza
BIZKAIA 1 vs GIPUZKOA
Pilotari hauek osatzen dute Gipuzkoako selekzioa: Julen Chiapuso Nosellas, Iñaki Esnal Aizpurua, Julen Iribar Arruti, Iban Jauregi Erkizia, Iñigo Ugalde Muguruza, Jon Urbieta Otaegi eta Andoni Zabala Lekuona.
Taldearentzako lehendabiziko txapela ekarri nahi dute etxera. Izan ere, txapelketaren sei edizioetatik bostetan (aurtengoarekin) izan da finalean Gipuzkoa, baina oraindik ez du txapelik janzterik lortu. Ea urte hauetako arantza atera eta txapela buruan itzultzen diren etxera gipuzkoarrak.
Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako edizio guztietako finalak bildu ditugu ondorengo taulan:
| EDIZIOA | URTEA | TXAPELDUNA | TXAPELDUNORDEA |
| 1 | 2016 | Lapurdi 1 | Gipuzkoa 2 |
| 2 | 2017 | Bizkaia | Gipuzkoa 2 |
| 3 | 2018 | Bizkaia | Gipuzkoa 1 |
| 4 | 2019 | Bizkaia | Gipuzkoa 2 |
| 5 | 2020 | Bizkaia 2 | Bizkaia 1 |
Lehia politta espero da, beraz, 2021eko finalean.
VI. edizioan Euskal Herriko 6 talde lehiatu dira: Bizkaia 1, Iparralde 2-Senpere (Lapurdi) eta Iparralde 3-Eskulari (Lapurdi) taldeek osatu dute A multzoa; eta Bizkaia 2, Gipuzkoa eta Iparralde 1-Senpere (Lapurdi) taldeek B multzoa.
Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago.
Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren webgunean, www.euskalpilota.org, aurki daiteke Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketari buruzko informazio gehiago. Eta gure webguneko Argazki galeriak txokoan hainbat irudi daude ikusgai.

