Lehiaketa

Enrique Abril Errebote Txapelketa, azken txanpan

Urriaren 16an jokatuko da finalerdia, Zubietan; eta finala, azaroaren 6an, Oiartzunen, Pilota Zuzenean! jaialdiaren baitan

Azken txanpan sartu da XLVIII. Enrique Abril Errebote Txapelketa-Kutxa Saria. Abuztuaren 28an hasi zen lehendabiziko faseko ligaxka. Eta irailaren 25eko asteburuan bukatzekoa zen arren, azkenean nahi baino gehiago luzatu da; izan ere, eguraldi txarragatik, fase honetako partidak behin baino gehiagotan gelditu dira bertan behera eta beste asteburu batean jokatu. Joan den astean (2011-10-09) amaitu zen, hortaz, sailkapen ligaxka.

Gauzak horrela, Kapito Harri taldeak (Uztaritze) lortu du finalerako zuzeneko txartela, lehen postuan sailkatu baita, norgehiagoka guztiak irabazita. Luzaz Gazte (Donibane Lohizune) eta Zubieta (Zubieta) sailkatu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, eta elkarren aurka ariko dira finalerdian. Asteburu honetan bertan jokatuko da finalaurrekoa, Zubietan. Hona hemen jaialdia:


 

*Urriak 16, igandea, 11:00, Zubieta

LUZAZ GAZTE / ZUBIETA

Finala ikusteko pixka bat gehiago itxaron beharko da. Izan ere, Txost Oiartzungo pilota elkarteak Pilota Zuzenean! jaialdia antolatu du azaroan. Eta, hori probestuz, azaroaren 6an jokatuko da 2011-12ko Enrique Abril Errebote Txapelketako finala, Oiartzunen.

Eguraldi txarra iragarrita balego, bertan behera geldituko litzateke bai finala bai jaialdia, eta 2012ko udaberrira atzeratuko litzateke. Azken erabakia azaroaren 2an hartuko da, iragarpenak aztertu eta gero, eta berehala emango da jakitera.

Hala, ustekaberik ez balego, prentsaurrekora deituko dira hedabideak. Azaroaren 3an, osteguna, izango litzateke aurkezpena, Donostiako Kirol Etxean. Eta hurrengo egunean, azaroak 4, hitzaldia izango da Oiartzungo Kultur Etxean, 19:30ean, Joko Zuzenak Oiartzualdean izenburupean, Jose Mari Mitxelenak eskainia. Gainera, azaroaren 2tik aurrera erakusketa bat ere izango da ikusgai, Fermiñeneko erakuslehioetan. Pixkanaka-pixkanaka joango gara ekitaldi hauek guztiak zehazten eta konfirmatzen.

 

Bitartean, webgune honetako Lehiaketa atalean kontsulta daitezke Enrique Abril Errebote Txapelketak orain arte utzitakoak. Galeria atalean ere hainbat argazki daude ikusgai.

miniImagen
Pribatutasun ikuspegi orokorra

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile-esperientzia onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure arakatzailean gordetzen da eta funtzioak betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean antzematea eta gure taldeari webguneko zein atal iruditzen zaizkizun interesgarri eta erabilgarrien ulertzen laguntzea.