Lehiaketa

Emakumeen eskuz banakako Gabonetako Txapelketa Azkarra, prest

Denboraldi honetan ere ez du hutsik egingo Gabon inguruko hitzordu garrantzitsuak: Emakumeen eskuz banakako Gabonetako Txapelketa Azkarra. Hirugarren edizioa 2026ko urtarrilaren 2tik 5era izango da, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

Benjamin, alebin eta infantil kategorietako neska pilotariei dago zuzenduta deialdia, eta 40 bat lagunek eman du izena: benjamin kategoriako 12 pilotari, alebin kategoriako 18 (11 parte-hartzean eta 7 errendimenduan) eta infantil kategoriako 12.

Klub hauetakoak dira: Abantzu (Zestoa), Ados, Azkoitiko Oteiza, Behar Zana (Amasa-Villabona), Bergara, Hondarribia, Ilunpe (Azpeitia), Intxurre (Alegia), Intza (Lasarte-Oria), Izurun (Donostia), Lapke (Lazkao), Murumendi (Beasain), Oiarpe (Oiartzun), Pagazpe (Usurbil), Tolosa, Txapagain (Ordizia), Txulobi (Aduna), Zarautz, Zazpi Itturri eta Ziotza (Zizurkil).

Eskuz banaka lehiatuko dira denak. Saioak goizez izango dira, esan bezala, Donostiako Atano III.ean. Kategoria bakoitzak bere eguna izango du, eta azken egunean final guztiak ikusteko aukera izango da.

Parte-hartzeko alebinekin hasiko da txapelketa, urtarrilaren 2an (ostirala). Bi multzotan lehiatuko dira: A multzoa 10:00etan eta B multzoa 11:30ean. 4-5 partida jokatuko ditu pilotari bakoitzak, frontisean eta errebotean. Eta multzo bakoitzeko bi lehenak sailkatuko dira hurrengo fasera.

Errendimenduko alebinen eta infantilen txanda izango da ondoren, urtarrilaren 3an (larunbata). Alebinak bi multzotan ariko dira: A multzoa 09:15ean eta B multzoa 10:00etan. 2-3 partida jokatuko ditu pilotari bakoitzak, eta multzo bakoitzeko lehen biak sailkatuko dira azken fasera. Ondoren, infantilak lehiatuko dira, 4 multzotan banatuta: 11:00etan Akoak, 11:45ean Bkoak, 12:30ean Ckoak eta 13:15ean Dkoak. Hauek bi partida jokatuko dituzte, eta multzo bakoitzeko lehenak egingo du aurrera.

Urtarrilaren 4a (igandea) benjaminen goiza izango da. Ligaxka-topaketa egingo dute hauek, sailkapenik gabe, bakoitzak bosna partidatxo jokatuz, frontisean eta errebotean. 10:00etan hasiko dira A multzokoak eta 11:30ean Bkoak.

Azkenik, urtarrilaren 5ean (astelehena) alebinen eta infantilen azken fasea izango da ikusgai: finalerdiak eta finalak. Hauxe aurreikusitako egitaraua:

  • 09:30: finalerdia alebinak parte-hartzea (A1 vs B2)
  • 09:50: finalerdia alebinak parte-hartzea (B1 vs A2)
  • 10:10: FINALA alebinak parte-hartzea
  • 10:30: finalerdia alebinak errendimendua (A1 vs B2)
  • 11:00: finalerdia alebinak errendimendua (B1 vs A2)
  • 11:30: FINALA alebinak errendimendua
  • 12:00: finalerdia infantilak (A1 vs D1)
  • 12:30: finalerdia infantilak (B1 vs C1)
  • 13:00: FINALA infantilak

Zorte on denoi eta ondo-ondo pasa!

Pribatutasun ikuspegi orokorra

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile-esperientzia onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure arakatzailean gordetzen da eta funtzioak betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean antzematea eta gure taldeari webguneko zein atal iruditzen zaizkizun interesgarri eta erabilgarrien ulertzen laguntzea.