Lehiaketa

Beste behin, Luzean taldearentzat txapela

Donibane Lohizunekoek berriro irabazi dute Enrique Abril Errebote Txapeketa, oraingoan Uztaritzeko Kapito Harri taldearen aurka finalean 13-8 nagusituta; beraien 20. txapela dute aurtengoa

Beste behin, Luzean taldea nagusitu da Enrique Abril Errebote Txapelketako finalean, eta 60. edizioko txapela jantzi dute Donibane Lohizunekoek. Lapurtarren arteko lehian, 13-8 irabazi diote donibandarrek Uztaritzeko Kapito Harri taldeari. Beraien 20. txapela da aurtengoa.

Azaroak 5, igandea, 10:30, Villabona-Errebote plaza
 

LUZEAN (Donibane Lohizune) 13
KAPITO HARRI (Uztaritze) 8

31. finala zen igandekoa Luzean taldearentzat, eta 20. txapela gehitu dio bere palmaresari; gainontzeko 19ak 1963-64, 1964-65, 1965-66, 1966-67, 1967-68, 1975-76, 1976-77, 1977-78, 1978-79, 2005-06, 2008-09, 2012-13, 2013-14, 2014-15, 2015-16, 2016-17, 2017-18, 2021-22 eta 2022-23 denboraldietan lortu zituen. Eta beste 11 aldiz izan dira txapeldunorde donibandarrak, denboraldi hauetan: 1968-69, 1972-73, 1973-74, 1982-83, 1989-90, 1993-94, 2002-03, 2006-07, 2007-08, 2011-12 eta 2018-19.

Kapito Harri taldearentzat, bestalde, 19. finala zen hauxe. 11 txapel dituzte uztariztarrek: 1995-96, 1998-99, 1999-2000, 2000-01, 2003-04, 2004-05, 2006-07, 2007-08, 2009-10, 2010-11 eta 2011-12 denboraldietan lortutakoak. Eta, aurtengoarekin, 8 bider izan dira txapeldunorde, denboraldi hauetan: 1983-84, 1984-85, 1986-87, 1994-95, 1997-98, 2001-02 eta 2012-13.

Bi taldeek elkarren aurka jokatzen duten 5. finala izan da hau: 2006-07an neurtu zituzten indarrak lehendabiziko aldiz, eta Kapito Harrik irabazi zuen (13-5); 2007-08an, eta Kapito Harrik irabazi zuen berriro (13-3); 2011-12an, Kapito Harri txapeldun beste behin (13-4); 2012-13an, oraingo honetan Luzean taldeak jantzi zuen txapela (13-5); eta azkena aurtengoa, Luzean-en garaipenarekin (13-8). 

Luzean da, hain justu, sailkapen buru palmaresari dagokionean; esan bezala, 20 txapelekin (11 aldiz txapeldunorde). Atzetik ditu Aviron Bayonnais, 14 txapelekin (6 aldiz azpitxapeldun); Kapito Harri, 11rekin (8 aldiz txapeldunorde); Behar Zana eta Noizbait, 4rekin (biak 9 aldiz azpitxapeldun); Zubieta eta Endaiarrak, 2rekin (hurrenez hurren, 5 aldiz eta behin txapeldunorde); eta Yoko Garbi eta Zaharrer Segi, banarekin (lehenak 6 aldiz txapeldunorde eta bigarrenak behin). Oiarpe, Donapaleu eta Sara taldeek ez dute txapelik, baina hirurak behin izan dira azpitxapeldun.

Euskal Herriko 6 talde lehiatu dira 60. Enrique Abril Errebote Txapelketan: Behar Zana (Amasa-Villabona, Gipuzkoa), Kanboarrak (Kanbo, Lapurdi), Kapito Harri (Uztaritze, Lapurdi), Luzean (Donibane Lohizune, Lapurdi), Txost (Oiartzun, Gipuzkoa) eta Zubieta (Zubieta, Gipuzkoa).

 

 

Lehiaketa-Federatua-Enrique Abril-Errebote nagusiak atalean kontsulta daiteke txapelketaren inguruko informazioa. Eta hainbat irudi-bilduma ikusgai daude Argazki galeriak txokoan.

miniImagen
Pribatutasun ikuspegi orokorra

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile-esperientzia onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure arakatzailean gordetzen da eta funtzioak betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean antzematea eta gure taldeari webguneko zein atal iruditzen zaizkizun interesgarri eta erabilgarrien ulertzen laguntzea.