Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sariko finala, larunbatean, Tolosan

2011/02/23 | Lehiaketa

11:30ean hasiko da 3. eta 4. posturako lehia eta finala bilduko dituen jaialdia; Espinar-Ruiz de Larramendi eta Etchelecu-Montes izango dira aurrez aurre final handian

 
 

Larunbatean, hilak 26, jokatuko da, Tolosako Beotibar pilotalekuan, Frontoi Motzeko Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sariko finala. 11:30ean hasiko da jaialdia, eta bigarren partida izango da finala; aurretik, 3. eta 4. postuak zehazteko norgehiagokak zabalduko du pilota festa. Ondoren zehazten dugu jaialdia:

 

*Otsailak 26, larunbata, 11:30, Tolosa-Beotibar

1. 3.-4. postuak: MUNETA-GRACIET / CASET-MENDIZABAL
2. FINALA: ESPINAR-RUIZ DE LARRAMENDI / ETCHELECU-MONTES

 

Jaialdia zabalduko duen 3. eta 4. posturako lehia txapelketako estreinako jardunaldian Zumarragan jokaturiko partidaren errebantxa izan liteke bat baino gehiagorentzat, justu neurketa hau bera jokatu zelako; baina ez dirudi antzekotasun handiegirik izango duenik. Orduan 30-19 nagusitu ziren Caset eta Mendizabal. Bikote gorriak nabarmen egin du gora ordutik, ordea, batez ere Gracieten hobekuntza azkarrari esker, askoz ere hobeto kokatzen da kantxan eta segurtasun handiagoa erakutsi du. Munetak maila emango duela espero da eta, elkar ondo hartuz gero, bikote arriskutsua izango da Aurore Caset eta Maider Mendizabalentzat. Bikote urdinak ere lehiarako grina izango du, baina, eta Mendizabalek bere teknika aberatsari zukua ateratzea lortzen badu, kantxan eroso samar jarduteko aukerarik badu, oso zaila da gain hartzea. Honenbestez, faboritorik gabeko neurketa gogorra izatea espero da podiumeko koskarik baxuena erabakitzeko hau.

 

Finalari dagokionez, bestalde, bi bikoteak ere elkarrekin neurtuta datoz finalera, Hernanin, ligaxkako 2. jardunaldian. Orduan, ordea, Amaia Etchelecuk belaunean kolpea hartu eta ez zuen partida amaitzerik izan. Garaipena Espinar eta Ruiz de Larramendik lortu zuten, 30-20, Agirre eta Montesen aurka. Hala ere, ez dirudi egoera horrek eta larunbatekoak tankera handirik izango dutenik. Bikote gorrian Ruiz de Larramendi da ardura hartzen duena, pilotakada indartsuak jo eta pilota erraztasun handiz atzeratuz. Espinarrek, berriz, kideak sorturiko hutsuneak aprobetxatuz tantoa amaitzeko aukerak izan ohi ditu. Hori lortuz gero zaila izango da menpean hartzea. Etchelecu eta Montesek osaturikoa ere bikote sendoa da, ordea, aurrelariak asko laguntzen dio Ainhoari, pilota txar asko kendu, kolpe biziarekin atzeratu eta jokoan erritmo bizia jarriz. Eta atzelariak duen iraupenak ere merezi du aipamena, segi eta segi luze aritu baitaiteke. Honenbestez, hemen ere ezin pronostikorik eman.

 

Aurten ere txapeldun berriak izango ditu goi-mailako lehiaketa honek. Hemen orain arteko palmaresa:

  • 1. edizioa (2008): Elguezabal-Mendizabal
  • 2. edizioa (2009): Elguezabal-Arozena
  • 3. edizioa (2010): Muneta-Serre
  • 4. edizioa (2011): ??????



Aurreko edizioetan jendetza bildu izan da partida hauek ikustera, ikuskizun bikaina izaten da, eta aurten ere hala izatea espero da. Gonbidapena egina dago denontzat.

 

Txapelketaren jarraipena egin ahal izango duzue www.blogak.com/emakumeapilotari atarian edo webgune honetako Lehiaketa eta Kartelera ataletan.

 

 

 














Babesleak

Ir arriba