Herriarteko Txapelketako palako eta gomazko paletako finalak, asteburuan
2022/06/16 | Lehiaketa
Andoainek eta Errenteriak jokatuko dute palako finala, larunbatean, 12:00etan, Olaberrian; eta Donostiak eta Azkoitiak gomazko paletakoa, ostiralean, 21:30ean, Azkoitian; zesta-puntaz, Mutrikuk eta Zumaiak lortu dute finalera iristea, eta datorren jardunaldian izango da hitzordua; eskuz, asteburu honetan jakingo dugu zein herrik jokatuko duten finala
Lehendabiziko finalak izango dira ikusgai, asteburuan, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan: hain zuzen ere, palakoa eta gomazko paletakoa. Zesta-puntako lehian finala erabakita dago, eta eskuzkoan jardunaldi honetan jakingo dugu. Andoainek eta Errenteriak jokatuko dute palako finala, larunbatean, 12:00etan, Olaberrian (ikusi behean xehetasun gehiago). Donostia eta Azkoitia izango dira aurrez aurre gomazko paletako finalean, ostiralean, 21:30ean, Azkoitian (informazio gehiago behean). Zesta-puntaz, Mutrikuk eta Zumaiak jokatuko dute finala, baina hurrengo jardunaldian. Eta eskuz, finalerako txartelak zein bi herrik lortuko dituzten jakingo dugu asteburuan, finalerdien itzulerakoak jokatuko baitituzte Tolosak eta Azpeitiak eta Oiartzunek eta Hernanik. Joanekoan, 2-1 irabazi zuen Azpeitiak (22-1, 19-22, 22-10) eta 2-1 Hernanik (5-22, 22-17, 22-14).
Hauxe da, hain zuzen ere, jardunaldi honetako kartelera:
EKAINAK 17, OSTIRALA - 21:30, Azkoitia-Gurea: DONOSTIA / AZKOITIA (gomazko paleta, FINALA) - 22:00, Azpeitia-Izarraitz: AZPEITIA / TOLOSA (eskua, finalerdiak, itzulerakoak)
EKAINAK 18, LARUNBATA - 12:00, Olaberria-Udalekoa: ANDOAIN / ERRENTERIA (larruzko paleta eta pala motza, FINALA)
EKAINAK 19, IGANDEA
Esan bezala, Andoainek eta Errenteriak jokatuko dute 2022ko Gipuzkoako Herriarteko Pala Txapelketaren finala, larunbatean. 12:00etan hasiko da jaialdia, Olaberriako Udal pilotalekuan: lehenik, larruzko paletaz lehiatuko dira, eta ondoren pala motzez:
Ekainak 18, larunbata, 12:00, Olaberria-Udalekoa
1. Larruzko paleta:
2. Pala motza:
Pilotari hauek osatzen dute Andoaingo taldea: Mikel Agirre, Jose Xabier Alkorta, Ibon Altuna, Eneko Beloki, Imanol Borrero, Josu Etxeberria, Aritz Eskudero, Ibai Iradi, Manex Lete, Julen Loidi, Nora Mendizabal, Koldo Ponce, Aritz Rekalde, Iker Uria eta Imanol Usandizaga. Eta ondorengoek Errenteriakoa: Garikoitz Arizkorreta, Aritz Arregi, Mikel Bengoetxea, Ibon Eskisabel, Ibai Izquierdo, Iker Maneiro, Yorel Martinez, Abel Pichel eta Rubén Pichel.
Donostia eta Olaberria geratu dira finalaren atarian. Donostiak 3-1 galdu zuen Andoainekin finalerdietan: 0-2 galdu zuen joanekoan (35-23, 40-23), eta bana egin zuten itzulerakoan (34-35, 40-25). Olaberriak, berriz, 2na berdindu zuen Errenteriarekin finalerdietan, baina aldeko tanto kopuruagatik (142 Andoainek; 117 Olaberriak) andoaindarrek lortu zuten finalerako txartela: 2-0 irabazi zuen Olaberriak joanekoan (35-30, 40-37), eta 0-2 galdu itzulerakoan (17-35, 25-40).
Bai Andoain bai Errenteria Herriarteko Pala Txapelketaren edizio guztietan lehiatu dira, hau da, 31 aldiz. Bai batak bai besteak 2021ean jokatu zuten azken finala Herriartekoan, hain zuzen ere, azken edizioko finala errepikatuko baita aurtengoan. Andoainek irabazi zuen iazkoa. Andoainek, hala, 7 txapel ditu irabaziak: 2009, 2010, 2011, 2013, 2016, 2017 eta 2021 urteetakoak, hain zuzen ere. Eta 5 aldiz izan da txapeldunorde: 1997, 1999, 2006, 2008 eta 2015ean. Errenteriak 5 txapel ditu: 1991-1995 bitarte (biak barne) lortutakoak, eta 4 aldiz izan da txapeldunorde: 1996an, 2010ean, 2018an eta 2021ean.
2022ko Herriarteko Pala Txapelketaren xehetasun guztiak ikusgai daude gure webgunearen Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa-LP eta PM atalean.
Asteburuko beste finalean, gomazko paletakoan, Azkoitia eta Donostia izango dira aurrez aurre, ostiralean, 21:30ean, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Banaka frontoi osoan lehiatuko dira aurrena, bigarren partidan binaka, eta bukatzeko banaka 7aren barruan:
Ekainak 17, ostirala, 21:30, Azkoitia-Gurea
2. Gomazko paleta, binaka:
3. Gomazko paleta, banaka 7aren barruan:
Pilotari hauek ordezkatu dute Azkoitia txapelketa honetan: Amaia Aizpuru, Jokin Aizpuru, Markos Azpiroz, Oier Beitia, Iker Epelde, Oier Epelde, Igor Juaristi, Igor Larrañaga eta Aratz Zabaleta. Eta ondorengoek Donostia: Xabier Arana, Juan Luis Aranjuelo, Unai Aroztegi, Oscar Barbulo, Xabier Elejalde, Arkaitz Etxebeste, Ekaitz Ezkerra, Manu Ferreiro, Xabier Huegun, Iñaki Peluaga, Santiago Ubeda eta Mikel Urbieta.
Hernani eta Astigarraga gelditu dira aurten finalaren atarian. 1-5 galdu zuen Hernanik Donostiaren kontra (1-2 galdu zuen joanekoan: 7-20, 20-11, 13-20; eta 3-0 galdu itzulerakoan: 20-7, 20-17, 20-13). Eta Astigarragak 2-4 galdu zuen Azkoitiaren kontrako kanporaketa (1-2 joanekoan: 16-20, 20-11, 2-20; eta 2-1 galdu itzulerakoan: 20-12, 12-20, 20-11).
Bai Azkoitiak bai Donostiak Herriarteko Gomazko paleta Txapelketaren 4 edizioetan hartu dute parte. Eta, palako finalarekin pasako den bezala, gomazko paletako lehian ere iazko finala errepikatuko da; Azkoitiak irabazi zuen 2021eko edizioa. 2 txapel dituzte azkoitiarrek, 2019an eta 2021ean irabazitakoak, jokatu dituzten bi finaletakoak, hain zuzen ere. Donostiak txapel bat du, lehendabiziko ediziokoa, 2018koa. Eta 2021ean txapeldunorde izan zen.
2022ko Herriarteko Gomazko Paleta Txapelketaren xehetasun guztiak ikusgai daude gure webgunearen Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa-Gomazko paleta atalean.
Zorte on denoi txapelketaren azken txanpan! |
|