Lehiaketa

Gipuzkoak Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko du, larunbatean

Gipuzkoa 2 taldeak Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finalera sailkatzea lortu du, finalerdian Iparralde 3-Senpere taldeari 7-1 irabazita. Gipuzkoarrek bizkaitarren kontra neurtuko dituzte indarrak, eta larunbatean izango da aurrez aurrekoa, 11:00etan, Senperen (Lapurdi):

Urriak 11, larunbata, 11:00, Senpere
GIPUZKOA 2 vs BIZKAIA

Pilotari hauek osatzen dute Gipuzkoa 2 taldea: Julen Alberdi Mendizabal, Julen Aizpuru Garmendia, Iñaki Azkoitia Irastorza, Iñaki Esnal Aizpurua, Andoni Urbieta Etxeberria, Ibai Urbieta Etxeberria, Jon Urbieta Otaegi eta Xabier Urbieta Otaegi.

Beraien lehendabiziko txapela ekarri nahi dute etxera gipuzkoarrek. Izan ere, Euskadiko Euskal Pilota Federazioak (EEPF) antolatzen duen txapelketaren 10 edizioetatik 6tan jokatu dute finala: 2016an, 2017an, 2018an, 2019an, 2021ean eta 2022an; baina bigarren postuarekin konformatu behar izan dute horietan guztietan. Ea zazpigarren finaletik txapela jantzita itzultzen diren.

Euskal Herriko 8 talde lehiatu dira aurtengo txapelketan, bi multzotan banatuta: Gipuzkoa 2, Bizkaia 1, Iparralde 1-Itsasuarrak (Lapurdi) eta Bizkaia 3 A multzoan; eta Gipuzkoa 1, Bizkaia 2, Iparralde 2-Milafranga (Lapurdi) eta Iparralde 3-Senpere (Lapurdi) B multzoan.

Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago.

Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi bat pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da.

Aurtengo txapelketaren informazio gehiago, Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren webgunean: www.euskalpilota.eus.

Pribatutasun ikuspegi orokorra

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile-esperientzia onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure arakatzailean gordetzen da eta funtzioak betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean antzematea eta gure taldeari webguneko zein atal iruditzen zaizkizun interesgarri eta erabilgarrien ulertzen laguntzea.