Euskal Herriko 8 taldek jokatuko dute Euskadiko Euskal Pilota Federazioak antolatutako Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketan, eta horien artean dira gipuzkoarrak ere: Gipuzkoa 1 eta Gipuzkoa 2 lehiatuko dira hamargarren edizio honetan.
Bi multzotan ariko dira parte-hartzaileak:
A MULTZOA
- Gipuzkoa 2
- Bizkaia 1
- Iparralde 1-Itsasuarrak
- Bizkaia 3
B MULTZOA
- Gipuzkoa 1
- Bizkaia 2
- Iparralde 2-Milafranga
- Iparralde 3-Senpere
Lehenik, ligaxka jokatuko dute multzo bakoitzean, hilaren 7ko jardunaldian hasi eta 21ekora bitartean. Gipuzkoako bi taldeek etxean ekingo diote txapelketari: Gipuzkoa 1ek Iparralde 2 hartuko du eta Gipuzkoa 2k Bizkaia 1. Bigarren jardunaldian Iparraldera joan beharko du Gipuzkoa 1 taldeak, Iparralde 3ren kontra jokatzeko, eta Bizkaira Gipuzkoa 2k, Bizkaia 3 taldearekin indarrak neurtzeko. Eta hirugarren jardunaldian, azkenik, Bizkaian lehiatu beharko du Gipuzkoa 1ek, Bizkaia 2ren kontra, eta Iparraldean Gipuzkoa 2 taldeak, Iparralde 1en aurka.
Multzo bakoitzetik bi talde sailkatuko dira finalerdietara, hau da: A1 vs B2 eta B1 vs A2. Urriaren 5ko asteburuan aurreikusten dira finalaurrekoak.
Eta, eguraldiak txapelketa aurreikusi bezala joatea oztopatzen ez badu, behintzat, irabazleek urriaren 12ko jardunaldian jokatuko dute finala (eta galtzaileek 3. eta 4. postuetarako lehia).
Hauek izango dira Gipuzkoako ordezkariak txapelketaren hamargarren edizioan:
GIPUZKOA 1
- Julen Chiapuso Nosellas
- Axel Lasa Gelbentzu
- Mikel Leonet Arozena
- Ekain Mitxelena Olague
- Manex Olaiz Etxeberria
- Xabat Olaiz Etxeberria
- Xabier Salaberria Oiarbide
- Iñigo Ugalde Muguruza
GIPUZKOA 2
- Julen Alberdi Mendizabal
- Julen Aizpuru Garmendia
- Iñaki Azkoitia Irastorza
- Iñaki Esnal Aizpurua
- Andoni Urbieta Etxeberria
- Ibai Urbieta Etxeberria
- Jon Urbieta Otaegi
- Xabier Urbieta Otaegi
Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago.
Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi bat pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da.
Informazio gehiago, Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren webgunean: www.euskalpilota.eus.
