Alkain enpresak eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak indarrak batu dituzte, Gipuzkoako eskuz binakako Txapelketa bultzatzeko. Abian da Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa, parte-hartze handiarekin, eta Alkainek, zehazki, kadete eta jubenil kategorietako eskuz binakako lehiak babestuko ditu (200 neska-mutil pilotari baino gehiago ari dira lehian):
- Kadete mutilak: 1., 2. eta 3. maila
- Jubenil mutilak: 1., 2. eta 3. maila
- Kadete neskak
Azken kategoria honetan, nesken 6 bikotek jokatuko dutela nabarmendu behar da, eskuzko pilotaren aldeko apustua gero eta sendoagoa dela erakutsiz.
Kadete eta jubenil kategorietako mutilen 1. mailetako finalak Donostiako Atano III. pilotalekuan jokatuko dituzte, azaroaren 7an, arratsaldez. Bestalde, kadete nesken finalak abenduaren 21ean izango dira, goizez, Hernaniko Udal pilotalekuan.
Bi hitzordu nagusi horiek grabatu eta zuzenean emango dira hainbat plataformatan: Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren YouTube kanalean eta hainbat telebistatan, hala nola, Hamaika Telebistan eta tokiko kate hauetan: 28 Kanala (Tolosaldea), Erlo (Urola), Goiena (Debagoiena), Oarsoaldeko eta Donostialdeko Telebista.
Gainerako finalak Gipuzkoako hainbat herritan jokatuko dira, txapelketa herriz herri eta afizionatuengana hurbilduz.
Alkain enpresaren lankidetza ezinbesteko babes bihurtu da txapelketa honetarako, eta bultzada erabakigarria, Gipuzkoako pilota harrobiko erreferentziazko hitzordu gisa sendotuz eta gazte pilotarien ikusgarritasuna indartuz.
