Lehiaketa

Laurehun pilotaritik gora Eskuz Banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketan

Asteburu honetan hasiko da 2026-27 denboraldiko Eskuz Banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa. Laurehun pilotari inguru bilduko ditu alebinen eta infantilen lehian. Alebinetan 167 pilotarik eman dute izena, eta hiru mailatan lehiatuko dira: 49 pilotari 1. mailan, 89 2. mailan eta 29 3. mailan; eta infantiletan 229 pilotarik jokatuko dute, hiru mailatan banatuta hauek ere: 45 1. mailan, 146 2. mailan eta 38 3. mailan.

Buruz buru lehiatuko dira pilotariak, lau t’erdiaren barruan, eta txapelketa urte bukaerara arte luzatuko da. Ondoren, urte berriarekin batera eta martxora arte, Eskuz Binakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da. Eta, azkenik, apirilean hasi eta ekainera bitarte, beste bi lehia izango dira: Errendimenduko Udaberri Saria, eskuz binaka, eta Berezkoen Banakako Txapelketa.

Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute guztiek, asteburu honetan hasi eta azaroaren 15eko jardunaldira bitartean. Infantilen 2. mailakoen ligaxka laburragoa izango da, eta azaroaren 1eko jardunaldian amaituko da.

Ligaxka bukatuta, bigarren fasea iritsiko da, kanporaketena: alebinen eta infantilen hiru mailetan, multzo bakoitzeko 1. eta 2. sailkatuek Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute, eta gainerakoek eskualdeko lehiak: Ekialdeko Txapelketa eta Mendebaldekoa.

Neska alebinak eta infantilak ere lehian

Nesken alebinen eta infantilen eskuz banakako txapelketak ere asteburu honetan hasiko dira, GOIENER Saria izendapenarekin.

Alebinek Parte Hartze ibilbidean jokatuko dute, bi mailatan banatuta: zortzi pilotarik eman dute izena 1. mailan eta bederatzik 2. mailan, 17 pilotarik guztira. Infantilek, berriz, Errendimendu ibilbidean izango dute lehia: hamahiru pilotari ariko dira 1. mailan eta bost 2. mailan, 18 guztira.

Nesken kategorietan ere itzuli bateko ligaxkarekin hasiko da txapelketa, eta lehen fasea azaroaren 29ko jardunaldian amaitzea aurreikusten da. Ondoren, sailkatutako pilotariek kanporaketak jokatuko dituzte; finalaurrekoak abenduaren 13ko jardunaldirako aurreikusi dira.

Final guztiak, bai Gipuzkoakoak bai Ekialdeko eta Mendebaldeko txapelketetakoak, abenduaren 20ko asteburuan aurreikusten dira.

Txapelketen inguruko informazio guztia, egutegiak eta emaitzak webgune honetako “Lehiaketa” atalean kontsultatu ahal izango dira.

Pribatutasun ikuspegi orokorra

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile-esperientzia onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure arakatzailean gordetzen da eta funtzioak betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean antzematea eta gure taldeari webguneko zein atal iruditzen zaizkizun interesgarri eta erabilgarrien ulertzen laguntzea.