Urriaren lehen asteburuan jokatu da Champions de Llargues 2026, Montserraten (Valentzia). Euskal Herriak bi ordezkari izan ditu txapelketan, Gipuzkoa eta Bizkaia, Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako azken bi finalistak.
Txapelketa bi jardunalditan jokatu da. Larunbatean ligaxka fasea jokatu zen, 13 talde lau multzotan banatuta; igandean, berriz, finalerdiak eta finala.
Gipuzkoa
Gipuzkoako taldea honako pilotari hauek osatu zuten:
- Urbieta I
- Urbieta II
- Urbieta III
- Urbieta IV
- Azkoitia
Gipuzkoarrek larunbat goizean jokatu zituzten multzoko bi partidak:
Lehen neurketa Valentziako Rectoria taldearen aurka izan zuten. Talde horretan Gaizka Iruretagoiena asteasuarra aritu zen. Gipuzkoarrek gogor ekin zioten partidari eta azkar hartu zioten neurria kale arteko jokoari. Partida erdira arte ondo lehiatu ziren, baina hortik aurrera valentziarrek gora egin zuten, jokoaren agintea hartu zuten eta 8-4 irabazi zuten.
Bigarren partida Maubege talde frantziarraren aurka jokatu zuten. Aurkariek min handia egin zuten sakearekin eta hasieratik amaierara nagusitu ziren. Gipuzkoarrek ez zuten amore eman eta tanto bakoitza lehiatu zuten; bi joko egitea lortu zuten, baina partida 8-2 amaitu zen.
Bi emaitza horiekin, Gipuzkoa multzoko hirugarren postuan sailkatu zen eta ez zuen finalerdietarako txartelik lortu.
Gipuzkoarrek esperientzia falta izan arren, jokoari neurria hartu ahala partidak lehiatzea lortu zuten eta modalitateari gustua hartzen joan ziren.
Bizkaia
Bizkaiak arratsaldean jokatu zituen multzoko hiru partidak. Lehen neurketan 8-0 irabazi zion Alzirari, eta bigarrenean 8-3 Tibi taldeari. Hirugarren eta azken partidan, ordea, Herbehereetako Franeker taldeak 8-1 hartu zuen mendean.
Horrenbestez, Bizkaia multzoko bigarren postuan sailkatu zen eta honek ere ez zuen finalerdietarako txartelik lortu.
*Informazioaren iturria eta argazkia: Euskadiko Euskal Pilota Federazioa.
