Trinketeko Gipuzkoako Txapelketa – IZARKOM Saria asteburu honetan hasiko da. Eskuz binakako nagusiek emango diote hasiera txapelketari, eta datozen asteetan eta hilabeteetan gainerako modalitateak gehituko dira lehiara.
Eskuz binakako nagusietan bi maila izango dira. Lehen mailan bost talde ariko dira: Behar Zana, Eple 1, Eple 2, Kuku eta Mundarro. Bigarren mailan, berriz, sei: Abantzu 1, Abantzu 2, Behar Zana 1, Behar Zana 2, Behar Zana 3 eta Hernani.
Bi mailetan itzuli bateko ligaxka jokatuko da lehen fasean, irailaren 27tik urriaren 25era. Ondoren etorriko da azken fasea: finalerdiak azaroaren 1ean jokatuko dira, eta finalak, azaroaren 8an.
Modalitate gehiago datozen hilabeteetan
Eskuz binakako nagusien ostean, trinketeko gainerako modalitateak hasiko dira pixkanaka. Datorren asteburuan larruzko paletaren txanda izango da; azaroan, eskuz binakako nagusien txapelketa amaitu ondoren, eskuz banakako nagusiena hasiko da.
Abenduan eskuz binakako kadete eta jubenilak hasiko dira; urtarrilean, paleta argentinarra; eta otsailean, eskuz binakako kadete eta jubenilen txapelketa amaitutakoan, eskuz banakako kadete eta jubenilena hasiko da.
Denboraldiak aurrera egin ahala joango gara informazioa eguneratzen eta osatzen. Bitartean, partidak eta emaitzak Gipuzkoako Pilota Federazioaren webguneko Lehiaketa atalean kontsultatu ahal izango dira.
