Lehiaketa

Jokoan da Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa

Martxan da Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa. Asteburu honetan hasiko dira lehenengo lehiak, eta 350 talde inguru ariko dira txapelketan.

Denboraldiko txapelketa nagusietako bat da, parte-hartze handikoa. Jokamolde, kategoria eta maila ugaritan ariko dira pilotariak. Lehia gehienak abendura bitarte jokatuko badira ere, txapelketak ia denboraldi osoa hartuko du.

Jokamolde hauetan ariko dira pilotariak:

  • Eskuz banaka: kadeteak (1. eta 2. maila), jubenilak (1. eta 2. maila) eta nagusiak (1. eta 2. maila); kantxa osoan aurrena eta lau t’erdian ondoren.
  • Eskuz binaka: kadeteak (1., 2. eta 3. maila), jubenilak (1., 2. eta 3. maila) eta nagusiak (Ohorezkoak, 1., 2. eta 3. maila); eta emakumezkoetan kadeteak eta nagusiak (bietan maila bakarra).
  • Gomazko paleta: lehenik binaka, kadetetan (maila bakarra) eta nagusietan (1., 2. eta 3. maila), eta emakumetan jubeniletan (maila bakarra) eta nagusietan (1. eta 2. maila); ondoren, banaka, bai gizonezkoak bai emakumezkoak (7aren barruan, kantxa osoan).
  • Larruzko paleta: kadeteak (maila bakarra), jubenilak (maila bakarra) eta nagusiak (1., 2. eta 3. maila).
  • Pala motza: nagusiak (1. eta 2. maila).
  • Pala: nagusiak.
  • Zesta-punta: kadeteak (maila bakarra), jubenilak (maila bakarra) eta nagusiak (1. eta 2. maila) eta emakumezkoak nagusitan (maila bakarra); lehenik binaka eta ondoren banaka.
  • Joko garbi.

Espezialitate hauetako lehia asko eta asko hasiko dira asteburuan (besteak beste, eskuz binaka, gomazko paleta binaka, zesta-punta binaka eta larruzko paleta). Ligaxka jokatuko dute lehenik, eta kanporaketen txanda izango da ondoren.

Denboraldiak aurrera egin ahala joango gara informazioa eguneratzen eta osatzen. Bitartean, “Lehiaketa” atalean kontsulta daiteke Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketari buruzko informazio guztia. Eta bai bertan bai Kartelera txokoan dago astez asteko jarraipena egiteko aukera.

Alkain, eskuz binakako txapelketaren babesle

Alkain izango da, aurten ere, eskuz binakako txapelketaren babesle ofiziala, kategoria eta maila guztietan. Iaz jubenil mailara arteko lehiak babestu zituen, eta aurten nagusien maila guztietara ere zabalduko du babesa.

Lehen mailako finalak, zuzenean

Bestalde, iaz bezala, lehen mailako final guztiak zuzenean eskainiko dira. Gipuzkoako Pilota Federazioaren YouTube kanalean ikusi ahal izango dira, baita Tokikomen eta Hamaikan ere.

Harpidetu gure YouTube kanalera eta jarraitu gure sare sozialak, txapelketako zuzeneko eta berritasun guztiak gertutik jarraitzeko.

Pribatutasun ikuspegi orokorra

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile-esperientzia onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure arakatzailean gordetzen da eta funtzioak betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean antzematea eta gure taldeari webguneko zein atal iruditzen zaizkizun interesgarri eta erabilgarrien ulertzen laguntzea.