Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa (GKEF) eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa (GEPF) gurpil aulkiko
paleta ezagutu eta praktikatu nahi duten pertsonen bila dabiltza, 18 urtetik gorakoak eta gurpil aulkia eskuz
mugitzeko gai direnak.
Izena ematen dutenei, espezialitatea hilabete batez praktikatzeko aukera eskainiko zaie. Saioak Donostian
izango dira, federazioetako teknikariek zuzenduko dituzte eta doakoak izango dira. Hilabeteko epea amaituta,
jarraitzeko aukera eskainiko zaio, hala nahi duenari.
Interesa dutenek ondorengo telefonora dei dezakete, 943 47 14 63, edo komunikazioa.pilota@kirolak.net
helbide elektronikora mezu bat helarazi, izen eta abizenak eta telefono zenbaki bat emanez. Izena emateko
epea abenduaren 31n amaituko da.
Gipuzkoan sortu eta datorren Munduko Txapelketan lekua izatera igaroko den espezialitatea
Gurpil aulkiko paletako lehen txapelketa ofiziala 2011-12 denboraldian jokatu zen; Gipuzkoako Txapelketa izan
zen eta GKEFk eta GEPFk antolatu zuten, elkarlanean.
Urte batzuk lehenago arte euskal pilotak ez zuen presentziarik kirol egokituen eskaintzan. Hutsune horri aurre
egiteko asmoz, 2000ko hamarkadaren azken urtetan gurpil aulkia kirol egokitua sustatzeko jardueretan bere
“txokoa” izaten hasi zen. Horrek entrenamendu taldeak sortzea ekarri zuen, eta baita lehiatzeko gogoa ere.
Araudi bat idatzi eta Gipuzkoan antolatu zen 2011-12ko lehen txapelketa ofizial hartatik gaur egunera, ibilbide
arrakastatsua egin du espezialitateak, erkidego mailara lehenik, eta, berriki, nazioartera hedatzera arte.
Hau da, laburtuta, espezialitatearen kronologia:
- 2011-12 denboraldian espezialitatearen lehenengo lehiaketa ofiziala: Gipuzkoako Txapelketa
- 2021ean Euskadiko Euskal Pilota Federazioko (EEPF) araudian espezialitate gisa jaso
- 2022-23 denboraldian Euskal Ligako lehen edizioa
- 2022an Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako selekzioen arteko Munduko Txapelketan
erakustaldi gisa jokatu zen - 2023-24 denboraldian lehen aldiz jokatu zen lurralde selekzioen arteko GRABNI Txapelketan
- 2025ean Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako Nazioen Ligan espezialitate ofiziala;
euskal selekzioa txapeldunordea - 2026an Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak Argentinan antolatuko duen selekzioen arteko Munduko
Txapelketan espezialitate ofiziala izango da


