Aurreko urteetako deialdien erantzun ona ikusita, denboraldi honetan ere eskola adineko pilotarientzat hainbat topaketa antolatuko ditu Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF). Eta igande honetan izango da lehendabizikoa, Hondarribian: benjamin eta alebin kategoriako neskei zuzendutako eskuzko lehen topaketa.
Talde politta osatu da, gainera: 34 neska pilotarik hartuko dute parte, benjamin kategoriako 13 eta alebin kategoriako 21.
Jostaldi frontoian dute hitzordua: 10:00etatik 11:15era benjaminak ariko dira, eta 11:30etik 13:00era alebinen txanda izango da.
Parte hartuko duten pilotariak ondorengo klubetakoak dira: Abantzu (Zestoa), Adospilota, Arkirun (Lezo), Azkoitiko Oteiza, Behar Zana (Amasa-Villabona), Bergara, Hondarribia, Ilunpe (Azpeitia), Intza (Lasarte-Oria), Izurun (Donostia), Otsabio (Lizartza), Pagazpe (Usurbil), Urnieta, Zarautz eta Ziotza (Zizurkil).
Era guztietako ekintzak izango ditute saioetan: jolasak, dinamikak, partidatxoak…
Pilota goxoak erabiliko dituzte, eta federazioak jarriko ditu.
Eta ez dago zuriz jantzita joan beharrik.
Ondo-ondo pasa!

