Lehiaketa

Laurehun pilotaritik gora Eskuz Banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketan

Laurehun pilotaritik gora bilduko ditu jardunaldi honetan (2025-10-19) hasiko den Eskuz Banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketak. 2. urteko alebinek eta 1. eta 2. urteko infantilek hartuko dute parte txapelketan. Alebinetan 155 pilotarik eman du izena, eta hiru mailatan lehiatuko dira: 43 pilotari 1. mailan, 94 2. mailan eta 18 3. mailan; eta infantiletan 250 pilotarik jokatuko dute, hiru mailatan banatuta hauek ere: 37 1. mailan, 164 2. mailan eta 49 3.mailan.

Errendimenduko Ibilbideko denboraldiko lehendabiziko txapelketa izango da hauxe, eskuzko espezialitateari dagokionean, eta urte bukaerara arte iraungo du. Ondoren, urte berriarekin batera eta udaberrira arte, Eskuz Binakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da. Eta, azkenik, udaberrian hasi eta ekainera bitarte, beste bi lehia izango dira: Errendimenduko Udaberri Saria, eskuz binaka, eta Berezkoen Gipuzkoako Txapelketa, eskuz banaka. Kategoria hauetako (alebinak eta infantilak) neska pilotariek, gainera, beste txapelketa batzuk ere izango dituzte aukeran denboraldian zehar (joango gara informazio gehiago ematen).

Esan bezala, lehendabiziko txapelketa honetan buruz buru lehiatuko dira pilotariak, lau t’erdiaren barruan, eta beren klubaren izenean.

Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute guztiek, urriaren 19ko jardunaldian hasi eta azaroaren 16kora bitartean (infantilen 2. mailakoek azaroaren 2kora arte). Eta ligaxka bukatuta, denek jarraituko dute aurrera, bigarren fasera, kanporaketena: maila guztietan, multzo bakoitzeko 1. eta 2. sailkatuek Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute, eta gainontzekoek eskualdeko lehiak: Ekialdeko Txapelketa eta Mendebaldekoa.

Final guztiak, bai Gipuzkoakoak bai bi eskualdeetakoak, abenduaren 21eko asteburuan aurreikusten dira, oraindik zehazteko dauden egoitzetan.

Webgune honetako Lehiaketa-Emaitzak-Errendimendua-EHI-G-Eskuz banaka atalean aurki daitezke txapelketaren inguruko xehetasun guztiak.

Pribatutasun ikuspegi orokorra

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile-esperientzia onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure arakatzailean gordetzen da eta funtzioak betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean antzematea eta gure taldeari webguneko zein atal iruditzen zaizkizun interesgarri eta erabilgarrien ulertzen laguntzea.