Azken txanpan sartu da Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketa, eta Gipuzkoa 2 taldea lehian izango da azken fase honetan, finalerdietara sailkatzea lortu baitu; ostiralean bertan jokatuko du.
Gipuzkoa 2 taldeak bere multzoko lehen postuan bukatu du ligaxka; Gipuzkoa 1, aldiz, laugarren sailkatu da (bigarrenarekin eta hirugarrenarekin berdinduta, baina kontrako tanto kopuru altuagorekin), eta ez du lortu azken fasean izatea (multzo bakoitzeko lehen eta bigarren sailkatuek egin dute aurrera).
Honela gelditu da, hain zuzen ere, ligaxkako sailkapena:
A MULTZOA
- Gipuzkoa 2, 6 puntu
- Bizkaia 1, 5 puntu
- Iparralde 1-Itsasu (Lapurdi), 4 puntu
- Bizkaia 3, 3 puntu
B MULTZOA
- Bizkaia 2, 6 puntu
- Iparralde 3-Senpere (Lapurdi), 4 puntu (+4)
- Iparralde 2-Milafranga (Lapurdi), 4 puntu (+2)
- Gipuzkoa 1, 4 puntu (-6)
Gauzak honela, Gipuzkoa 2 taldeak Iparralde 3-Senpere izango du aurkari finalerdietan, eta beste finalaurrekoan Bizkaia 1ek eta Bizkaia 2k neurtuko dituzte indarrak. Hemen xehetasunak:
Urriak 3, ostirala, 18:00, Villabona-Errebote plaza
GIPUZKOA 2 vs IPARRALDE 3-SENPERE
Urriak 5, igandea, 11:00, Otxandio
BIZKAIA 1 vs BIZKAIA 2
Finalerdia irabaziko balu, Gipuzkoa 2 taldeak urriaren 12ko asteburuan jokatuko luke finala (beti ere eguraldiak ez badu baldintzatzen txapelketaren azken fasea).
Pilotari hauek ordezkatu dute Gipuzkoa txapelketaren hamargarren edizio honetan:
GIPUZKOA 1
- Julen Chiapuso Nosellas
- Axel Lasa Gelbentzu
- Mikel Leonet Arozena
- Ekain Mitxelena Olague
- Manex Olaiz Etxeberria
- Xabat Olaiz Etxeberria
- Xabier Salaberria Oiarbide
- Iñigo Ugalde Muguruza
GIPUZKOA 2
- Julen Alberdi Mendizabal
- Julen Aizpuru Garmendia
- Iñaki Azkoitia Irastorza
- Iñaki Esnal Aizpurua
- Andoni Urbieta Etxeberria
- Ibai Urbieta Etxeberria
- Jon Urbieta Otaegi
- Xabier Urbieta Otaegi
Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago.
Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi bat pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da.
Informazio gehiago, Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren webgunean: www.euskalpilota.eus.
