Urbieta II (Behar Zana)-Urbieta III (Txost) eta Urbieta IV (Txost)-Urbieta I (Behar Zana) bikoteek neurtuko dituzte indarrak, 12:00etan, Zizurkilgo Zimiterioan
Larunbatean bukatuko da Gipuzkoako Pasaka Txapelketa-Zizurkilgo Zimiterio Saria, Zizurkilgo Udalak eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) elkarlanean antolatutako txapelketa, maila handiko finalarekin. 'Urbietarren arteko lehia' izango da, gainera: Urbieta II (Behar Zana)-Urbieta III (Txost) eta Urbieta IV (Txost)-Urbieta I (Behar Zana) bikoteek neurtuko dituzte indarrak, 12:00etan hasita, Zizurkilgo Zimiterioan.
Zizurkilen ospatzen ari diren Maiatza Saltsan-en ekitaldien parte izango da aurten Gipuzkoako Pasaka Txapelketako finala, eta GEPFk bere mendeurrenean euskal pilotaren espezialitate guztiak ezagutarazteko eta bultzatzeko helburuarekin bat egingo du, era berean. Bi erakundeek Zizurkilera joateko gonbita egin dute.
Maiatzak 24, larunbata, 12:00, Zizurkil-Zimiterioa
1. Eskuz binaka, nagusiak:
Xabier Urbieta Otaegi, URBIETA II (Behar Zana)-Andoni Urbieta Etxeberria, URBIETA III (Txost)
Ibai Urbieta Etxeberria, URBIETA IV (Txost)-Jon Urbieta Otaegi, URBIETA I (Behar Zana)
Pasaka plaza librean jokatzen ez den joko zuzen bakarra da. Leku itxietan jokatzen da, hala nola arkupeak (zimiterioak edo udaletxeetako arkupeak), trinketak eta frontoi motzak. Modalitate hau neguko joko gisa ezagutzen da, eta eskuz nahiz eskularru motzarekin joka daiteke. Pilota sarearen gainetik pasa behar da, eta pilota goxoa erabiltzen da, trapu asko eta kizkirik gabea. Guantearekin jokatuz gero, pilota handiagoa izaten da. Sarea kantxaren erdian jartzen da, eta joko zuzen guztietan bezala, kintzeak kontatzen dira. Hala ere, pasakan ez dago arraiarik, laxoan, bote luzean eta errebotean ez bezala.
Lehiaketa-Federatua-G-Pasaka-Zizurkilgo Zimiterioa-Eskuz binaka txokoan aurkituko duzue txapelketaren informazio guztia.



