Hauxe izango da goiztiarrena, asteburu honetan hasiko baitira partidak; gainontzeko espezialitateak hilaren 19ko jardunaldian gehituko zaizkio
Joan den asteburuan abiatu zen 2010-11 denboraldia, Enrique Abril Errebote Txapelketarekin. Bada, jardunaldi honetan, beste txapelketa bat gehituko zaio: ezker hormako Gipuzkoako Elkarteen Arteko Txapelketa, hain zuzen ere.
Txapelketarik parte-hartzaileena da, espezialitate guztietan jokatzen dena. Eta pala izango da horietan goiztiarrena, harekin hasiko baita lehia asteburu honetan. Gainontzeko espezialitateak hilaren 19ko jardunaldian gehituko zaizkio.
Palako txapelketa 1. eta 2. mailan jokatuko da: Oiangu, Landare, Ikasberri, Txost 2 (A multzoa) eta Txost 1, Gazteleku, Real Sociedad, Usurbil (B multzoa) taldeak lehiatuko dira 1. mailan; eta 2. mailan, berriz, multzo bakarrean, Altzatarra, Oiangu eta Zumaia.
Hasierako ligaxka irailaren 19ra arte luzatuko da, eta finalak irailaren 26an aurreikusten dira, Andoainen. Jaialdiak Andoaingo (Arrate frontoia) eta Azpeitiko (Izarraitz pilotalekua) egoitzetan izango dira.
Bete-betean sartu gara 2010-11 denboraldian. Orain arte, bi txapelketa ziren jokoan: Enrique Abril Errebote Txapelketa eta Gipuzkoako Elkarteen Artekoa-palako espezialitatean. Bada, jardunaldi honetan (2010-09-19) gainontzeko espezialitateak gehituko zaizkio palari bigarren lehiaketa honetan: eskua (banaka zein binaka), gomazko paleta (emakumezkoak zein gizonezkoak), zesta-punta eta larruzko paleta 22 urtez azpikoetan (erreboteko lehia, azkena hasten, urriaren 3ko asteburuan jarriko da martxan).
Gainera, beste txapelketa bati ere ekingo zaio jardunaldi honetan: Trinketeko Udazkena Saria; aurten lehendabizikoz jokatuko da, eta Irurako Ametsa trinketa izango da partiden egoitza.
Laster hasiko dira, azkenik, pala motzeko zein larruzko paletako lehia Gipuzkoako Elkarteen Artekoan. Eta beste hainbat txapelketa ere ate joka izango ditugu laster; urrian hasiko baitira, besteak beste, Ezker Hormako Emakumea Pilotari Txapelketa eta Gipuzkoako Errendimenduko Txapelketa (2. urteko alebinak eta infantilak eskuz banaka). Urte amaierara bitarte, beraz, izango da zer ikusi eta zer gozatu Gipuzkoako frontoietan.
Abian dira Emakumea Pilotari proiektuko partaidetzako alorrean kokatzen diren 18 urtetik gorako emakumeentzako aisialdiko paleta ikastaroak. Iaz 150 emakume baino gehiagok hartu zuen parte ikastaro hauetan, eta aurten ere ez dirudi kopuru hori oso urrun izango denik.
Hona hemen herrien behin-behineko zerrenda: Zizurkil, Ibarra, Tolosa, Zarautz, Getaria, Oiartzun, Donostia eta Hernani.
Eta jarraian ikastaro hauen ezaugarririk nagusienak:
•Adina: 18 urtetik gora
•Materiala: irakasleak eramango du
•Prezioa: 105€ (ikastaroa eta asegurua)
•Hasiera datak: urriaren 4tik aurrera, ekainaren amaierara arte
Giro ona ziurtatuta izaten da. Ikasturte amaieran Emakumea Pilotari Eguna ospatzen da, eta, bertan, besteak beste, ikastaroetan aritu direnek elkar ezagutu eta egun-pasa eder batez gozatzeko parada izaten dute, paletan izerdi pittin bat (hotza ala beroa) ateratzearekin batera.
Igande honetan jokatuko dira, Andoainen, Ezker Hormako Gipuzkoako Elkarteen Arteko Palako finalak. Hauxe izango da jaialdia:
*Irailak 26, igandea, 10:30, Andoain-Arrate
1. Pala, nagusien 2. maila: ZUMAIA / OIANGU
2. Pala, nagusien 1. maila: TXOST 2 edo USURBIL / GAZTELEKU edo LANDARE
Lehendabiziko fasea amaituta, honela gelditu dira sailkapenak:
1. MAILA, A MULTZOA:
1. TXOST 2, 5 puntu (3 partida jokatuta, 2 irabazita, 1 galduta)
2. LANDARE, 5 puntu (3 partida jokatuta, 2 irabazita, 1 galduta)
3. OIANGU, 4 puntu (3 partida jokatuta, 1 irabazita, 2 galduta)
4. IKASBERRI, 4 puntu (3 partida jokatuta, 1 irabazita, 2 galduta)
1. MAILA, B MULTZOA:
1. GAZTELEKU, 4 puntu (2 partida jokatuta, 2 irabazita)
2. USURBIL, 3 puntu (2 partida jokatuta, 1 irabazita, 1 galduta
3. TXOST 1, 2 puntu (2 partida jokatuta, 2 galduta)
4. REAL SOCIEDAD (erretiratua)
2. MAILA:
1. ZUMAIA, 4 puntu (2 partida jokatuta, 2 irabazita)
2. OIANGU, 3 puntu (2 partida jokatuta, 1 irabazita, 1 galduta)
3. ALTZATARRA, 2 puntu (2 partida jokatuta, 2 galduta)
2. mailan, finala erabakita dago, 1. eta 2. sailkatutakoek lortzen baitzuten zuzeneko txartela. Hala, Zumaia eta Oiangu izango dira aurrez aurre.
1. mailan, ordea, bi multzoetako 1. eta 2. sailkatuek elkarren aurka lehiatu beharko dute aurrena, finalerdietan, finalerako txartela lortzeko (A multzoko 1.a B multzoko 2.aren aurka, eta B multzoko 1.a A multzoko 2.aren kontra). Hortaz, Txost eta Usurbil taldeak alde batetik eta Gazteleku eta Landare bestetik aurrez aurre izango dira finalerdietan; Andoainen bertan jokatuko dira gaur, ostirala, 20:15ean hasita. Gainera, 2. mailara jaitsiera izango dute jokoan Txost 1 eta Ikasberri taldeek, hau da, bi multzoetan azken sailkatuek. Azpeitiko Izarraitz frontoian jokatuko dute partida hori gaur, ostirala, 20:00etan.


(1).jpg)
.jpg)
.jpg)
