Asteburuan hasiko da Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa

2020/09/10 | Lehiaketa

Denboraldiko hitzordu garrantzitsu eta parte-hartzailea, egungo egoerak baldintzatuta, hainbat neurri eta protokolorekin jarriko da martxan

Hilabete luzeren ondoren, azkenean lehian ikusi ahal izango ditugu berriro Gipuzkoako klubetako pilotariak. Asteburuan (2020-09-20) hasiko da Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa, denboraldiko hitzordu garrantzitsu eta parte-hartzailea. Egungo egoerak baldintzatuta, hainbat eta hainbat neurri eta protokolorekin jarriko da martxan, irauteko esperantzarekin (ikusi hemen 2020-21 denboraldirako neurri eta protokoloak).

 

 

 

 

Espezialitate ia guztietan jokatzen da Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa, bai nesketan bai mutiletan, kategoria eta maila ugaritan. Lehia gehienak abendura arte luzatuko badira ere, denboraldi osoan zehar izango da jokoan txapelketa. Honako jokamoldetan ariko dira pilotariak:

 

  • Eskuz banaka: kadeteak, jubenilak eta nagusiak; kantxa osoan aurrena eta lau t'erdian ondoren
     
  • Eskuz binaka: kadeteak (1., 2. eta 3. maila), jubenilak (1. eta 2. maila) eta nagusiak (Ohorezkoak, 1., 2. eta 3. maila), eta nagusiak emakumetan
     
  • Gomazko paleta: 22 urtez azpikoean eta nagusietan (1., 2. eta 3. maila); eta jubeniletan eta nagusietan (1. eta 2. maila) emakumetan
     
  • Larruzko paleta: nagusiak (1., 2. eta 3. maila)
     
  • Pala motza: nagusiak
     
  • Pala: nagusiak
     
  • Zesta-punta: kadeteak, jubenilak eta nagusiak; lehenik binaka eta ondoren banaka
     
  • Joko garbi

 

 

 

COVID-19 dela-eta ez agertze ugari ematea oso litekeena dela ikusita, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) hainbat neurri hartu ditu.

Alde batetik, egutegia "asetuko" ez duten lehiaketa sistemak diseinatuko dira, hau da, asteburu guztiak erabiltzera behartuko ez dutenak.

Horretarako, lehen faseetan, COVID leihoak izeneko asteburuak ezarriko dira, atzeratutako partidak jokatzeko jardunaldi gisa erabil daitezen. Gutxienez bi leiho egongo dira: lehenengoa fasearen erdialdean eta bigarrena fasearen amaieran.

Lehen fase horietan COVID-19aren ondorioz ez jokatutako partidei dagokionez, zenbait irizpide finkatu dira.

Albiste honi erantsitako artxiboan kontsulta daitezke xehetasun guztiak. Beste hainbat irizpide ere zehazten ditu dokumentuak.

 

 

 

Gauzak horrela, jardunaldi honetan (2020-09-20) hasiko da eskuz binakako lehia, mutilen gomazko paletakoa, nesken gomazko paletako jubenilen kategoriakoa eta larruzko paletakoa. Eta datorren asteburuan (2020-09-27) ekingo diote nesken gomazko paletako nagusien kategoriakoari eta zesta-puntako lehiari. Aurrerago eta mailakatuago hasiko dira gainontzekoak. Hala, txapelketa aurreikusi bezala joanez gero, hauexek izango lirateke finalen gutxi gorabeherako datak:

 

  • Azaroaren 1eko jardunaldia: larruzko paleta (nagusiak 1., 2. eta 3. maila)
  •  
  • Azaroaren 22koa: eskuz binaka (jubenilak 1. maila eta nagusiak Ohorezko maila)
     
  • Azaroaren 29ko asteburua: eskuz binaka (kadeteak 1., 2. eta 3. maila, jubenilak 2. maila eta nagusiak 1., 2. eta 3 maila); eskuz binaka emakumezkoak; gomazko paleta (22 urtez azpikoak eta nagusiak 1. maila)
     
  • Abenduaren 13koa: gomazko paleta (nagusiak 2. eta 3. maila)
     
  • Abenduaren 20ko jardunaldia: gomazko paleta emakumeak (jubenilak eta nagusiak 1. eta 2. maila); zesta-punta binaka (kadeteak, jubenilak eta nagusiak)
  •  
  • Abendua: eskuz banaka (kadeteak, jubenilak eta nagusiak); pala motza
     
  • Udaberria: joko gabi
     
  • Ekaina: eskuz banaka lau t'erdian (kadeteak, jubenilak eta nagusiak); zesta-punta banaka (kadeteak, jubenilak eta nagusiak); pala

 

 

 

Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketako informazio guztia webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Gipuzkoa Ezker Horma atalean kontsulta daiteke. Eta bai bertan bai Kartelera txokoan astez asteko jarraipena egin.

 

 

 














 

Babesleak

Ir arriba