Gipuzkoako pilota familia guztiaren eguna
2018/05/15 | Lehiaketa
Horixe izan nahi du 2018ko Gipuzkoako Pilota Egunak; igandean, hilak 20, ospatuko da festa, Azpeitian; bertako Izarraitz frontoi eraberrituan eman dugu gaur xehetasunen berri
"Gipuzkoako pilota familia guztiaren eguna". Horixe izan nahi du 2018ko Gipuzkoako Pilota Egunak. Igandean, hilak 20, ospatuko da festa, Azpeitian. Eta gaur izan da aurkezpena, bertako Izarraitz frontoi eraberrituan. Andoni Lertxundi Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren presidenteak, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Esti Elduaien Kirol zinegotziak eta Xabier Tolosa pilotari profesional anoetarrak hartu dute parte agerraldian.
Lertxundik adierazi duenez, "ez da kasualitatea Azpeitia aukeratu izana aurtengo Pilota Egunerako". Zaletasun handiko herria da, eta azken urteotan "nabarmen" egin du gora pilotak, "Ikasberri eta Ilunpe taldeei, pilotariei eta pilotari gaztetxoen gurasoei esker". Udalak egin duen "pilotaren aldeko apustu garbia" ere azpimarratu du presidenteak.
Etxeberria alkateak eskerrak eman dizkio, era berean, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioari, "aukera hau emateagatik". Eta Lertxundik esandakoari jarraituz, herriko elkarteek urteotan "herrian pilota dagoen tokira eramateko lan handia" egin dutela goraipatu du, harrobia zainduz etorkizunerako apustu garbia egin dutela gaineratuz. Bidelagun izan dituztela eta laguntzen jarraituko dutela gehitu nahi izan du. Bide batez, pilotazale guztiak animatu ditu "pilotarekin disfrutatzera Azpeitian".
Egitarau oparoa dago prest iganderako. 10:00ak aldera hasiko da eguna, eta herriko hainbat frontoitara zabalduko da festa: Iraurgi, Urola, Etxegarai, Izarraitz, Frontoi Txiki...; udaletxe plazara ere bai... 6 eta 14 urte bitarteko haurrek pilota jokamolde ezberdinak praktikatzeko aukera izango dute. Eta, horrez gain, zenbait espezialitatetako erakustaldiak ere ikusi ahal izango dira. Goizeko ekitaldiei amaiera emateko, Crohn gaixotasuna duten pertsonen alde lan egiten duen asoziazioaren aldeko elkartasun-barrenea jokatuko da. 14:00etan nahi duen orok bazkaltzeko aukera izango du, Azoka Plazan. Bazkarirako txartelak federazioan daude salgai (943 47 14 63 edo 693 05 91 21).
Eta 17:00etan profesionalen eskuko jaialdi bat jokatuko da, Izarraitz frontoian. Bertan, besteak beste, buruz buruko txapelketako 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida izango da ikusgai, Elezkanoren eta Ezkurdiaren artekoa, hain zuzen ere. Jaialdirako sarrerak ere federazioan daude salgai (943 47 14 63 edo 693 05 91 21, 10:30etik 13:30era goizez, eta 16:00etatik 19:00etara arratsaldez). Gainera, gaur bertan (2018-05-15), salgai jarriko dira Frontoi Txikin, 18:00etatik 20:00etara. Ostirala bitarte Korrale tabernan ere izano da erosteko aukera. Eta jaialdiaren egunean bertan ere zabalduko da lehiatila sarreren salmentarako. 30€ balio du kantxako sarrerak, 15€ goikoak helduentzat eta 10€ haurrentzat.
Egun berezirako kamisetak ere izango dira. Pilotariei banatuko zaizkie. Eta salgai ere jarriko dira, 10 eurotan (tallak: 6-8, 8-10, 10-12, S, M, L, XL, XXL).
"Herriko pilotariei omenalditxoa egiteko eta Izarraitz frontoi berritua inauguratzeko" ere baliatuko du Azpeitiko Udalak Pilota Eguna, Elduaien zinegotziak azaldu duenez. Herriko bi pilota elkarteko kideak, emakume pilotariak eta erremontistak omenduko dituzte. 16:30ean Azoka Plazatik abiatuta, kalejiran joango dira Izarraitz pilotalekuraino Udal Musika Bandak lagunduta, eta jaialdia hasi aurretik omenaldia jasoko dute, "egindako lana eskertzeko".
Izarraitz eskuz aritzeko neurrietara egokitu dute eta lurrari tratamendu berezia eman diote. Birmoldaketari dagokionez, "guztiekin adostuta" izan dela azpimarratu du Elduaienek, eta elkarlan hori asko erraztu dutela.
Etxeberria alkatearen esanetan, "Izarraitz pilotaleku historikoa da, eta historikoa izaten jarraitzea nahi dugu".
Xabier Tolosa pilotari profesional gipuzkoarrak ere hitz batzuk egin nahi izan ditu zaleak animatzeko. "Oso egun polita da Gipuzkoako pilotazaleentzat. Pilotariontzat ere bai, ume eta gazteekin egoteko eta haiekin jokatzeko aukera ematen digulako. Jendea animatu nahi nuke Azpeitira etortzera, oso ondo pasatuko dutelako eta esperientzia polita bizitzeko aukera izango dutelako".
Gonbidapena egina dago, beraz. Igandera arte!
|
|