Irailaren 1era arte eman daiteke izena denboraldi berriko mutilen eskuko teknifikazio proiektuan

2017/08/29 | Ikastaroak

Infantil eta kadete kategorietako pilotarientzat da deialdia; irailean bertan izango dituzte hautaketa entrenamenduak, eta saioak urrian hasiko dira

Aurreko denboraldietako lan ildoari jarraituz, aurten ere Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak teknifikazio proiektua jarri du martxan. Pilotariei entrenamendu tekniko eta prestakuntza fisiko pertsonalizatua eskaintzea du xede.

 

 

Aurtengo deialdia, iazkoa bezala, eskuz aritzen diren Gipuzkoako infantil eta kadete kategorietako mutil pilotariei dago zuzenduta (aurrerago izango da neskentzako deialdia).

 

 

Eta bertan parte hartu nahi dutenek irailaren 1era arte (eguerdiko 12:00etan itxiko da epea) dute izena emateko aukera, beraien klubaren bidez.

 

 

Iaz hasitako bideari jarraituz, eta pilotari gehiagotara eta Gipuzkoako eskualdeetara ere iristeko helburuarekin, aurten ere Donostian izango diren Gipuzkoa mailako entrenamenduez gain, eskualdeetan ere teknifikazio entrenamenduak eskainiko ditu federazioak, infantilentzat. Kadeteen entrenamendu guztiak, berriz, Donostiako Atano III.ean izango dira.

 

 

Irailean zehar hautaketa entrenamenduak egingo dituzte izena emandako pilotariek (zehaztuko dira egunak eta orduak), eta bertan hautatuko dituzte Gipuzkoako zein eskualdeetarako teknifikazioetarako pilotariak. Guztiek urrian ekingo diete entrenamenduei, eta ekainera arte izango dituzte saioak. 

 

 

Besteak beste, Iraitz Olaetxea GEPFko teknikaria, eta Beñat Rezusta, Andoni Ugalde eta Ander Imaz pilotari profesional gipuzkoarrak izango dira prestatzaileak.

 

 

Aurrerago emango dugu xehetasun gehiagoren berri.

 

 

 














Babesleak

Ir arriba