Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Saria, prest
2011/01/26 | Aurkezpenak
Gaur aurkeztu dute, Donostiako Kirol Etxean; igandean abiatuko da, eta munduko pilotari onenetakoak ariko dira
Gaur iluntzean aurkeztu dute, Donostiako Kirol Etxean, Ezker Hormako Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sari Nagusia. Igande honetan, hilak 30, jarriko da martxan goi mailako txapelketa hau, Zumarragan.
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) antolatzen duen lehiaketa honek Euskal Herriko pilotaririk onenak biltzen ditu eta, aldi berean, baita mundu mailakoak ere. Izan ere, inoiz trinketeko munduko txapeldun edota Munduko Kopako txapeldun izan dira, besteak beste, txapelketa honetan ariko diren Maite Ruiz de Larramendi, Maika Elguezabal, Amaia Etchelecu, Nagore Arozena eta Maider Mendizabal. Aurkezpenean bertan ere izan dira, GEPFko eta Kutxako ordezkariekin batera.
Antolaketa Batzordeak, hain zuzen ere, 12 pilotari hautatu ditu, 6 bikote osatuz. Bikote hauek bi multzotan banatu dituzten, hiruna bakoitzean. Zehazki, hauexek dira parte-hartzaileak:
Multzo bakoitzean joaneko ligaxka jokatuko dute pilotariek, denek denen aurka, urtarrilaren 30etik otsailaren 13a bitartean. Lehenengo eta bigarren postuetan sailkatutako bikoteek, elkarren aurka gurutzatuta, finalerdiak jokatuko dituzte norgehiagoka batera, otsailaren 20an. Otsailaren 26an, azkenik, finalerdietako irabazleek finala jokatuko dute eta galtzaileek, berriz, 3. eta 4. posturako lehia.
Jardunaldi bakoitza pilotaleku batean jokatuko da, eta egoitzak izango dira, hala, Zumarraga, Hernani, Azkoitia, Alegia eta Tolosa. Partida gehienak igande goizetan jokatuko dira, 11:30ean hasita. Finala, berriz, larunbatez jokatuko da, ordu berean.
Txapelketaren jarraipena egin ahal izango duzue www.blogak.com/emakumeapilotari atarian edo webgune honetako Lehiaketa eta Kartelera ataletan. |
|