Bertan behera gelditu da 2020ko federazioen arteko GRABNI Txapelketa

2020/03/12 | Lehiaketa

Koronabirusak sortutako osasun krisia eta larrialdi egoera ikusita, Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak aurtengo denboraldiko federazioen arteko lehia behin betiko bertan behera uztea erabaki du

[AZKEN ORDUA, 2020/04/14]

 

Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak aurtengo denboraldiko GRABNI Txapelketa behin betiko bertan behera uztea erabaki du.

Osasun larrialdia dela eta, txapelketa ofizial guztiak behin-behinean bertan behera gelditu ziren martxoan. Dagoeneko federazioen arteko txapelketako lau jardunaldi jokatuak behar zuten, baina bat bera ere ezin izan da antolatu. Hasiera batean lehiaketa sistema moldatzea eta egutegira egokitzea zuen buruan Euskadiko Federazioak, txapelketa jokatzerik izango zen esperantzan. Baina larrialdi egoerak jarraitzen duela ikusita, luzerako izango dela dirudienez, eta denon ongizateari garrantzia emanez, 2020ko GRABNI Txapelketa bertan behera uztea erabaki du.

 

 

 

______________________________________________________________________________

 

[EGUNERATZEA, 2020/03/13]

 

Koronabirusak sortutako osasun krisia dela eta, Euskadiko Euskal Pilota Federazioak, agintari publikoen gomendioak jarraituz, 2020ko federazioen arteko GRABNI Txapelketa behin-behinean atzeratzea erabaki du.

                                              

 

 

 

______________________________________________________________________________

[2020/03/12]

 

Koronabirusa dela-eta federazioen arteko GRABNI Txapelketaren lehendabiziko jardunaldia partzialki atzeratzea erabaki du Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren (EEPF) Zuzendaritza Batzordeak.Gauzak horrela, besteak beste, Gipuzkoak eta Arabak Araban jokatzekoak zituzten norgehiagokak ez dira jokatuko asteburuan.

 

 

 

EEPFk kaleratutako oharrean, txapelketa hasteko arazoak daudela onartzen du, eta egungo egoeraren azterketa egiten du:

  • Araba: Gasteizko eta beste herri batzuetako kirol eraikinak itxita daude eta ezin da bertan lehiatu
  • Errioxa: erkidego guztian 18 urtetik beherakoek ezin dute hurrengo 15 egunetan kirol lehiaketetan parte hartu; eta 18 urtetik gorakoek irekita dauden (batzuk itxita baitaude) kirol eraikinetan ateak itxita jokatu ahal izango dute, beti ere, ezinbesteko kasuetan
  • Bizkaia, Gipuzkoa, Iparralde eta Nafarroa: momentuz ez dago arazorik

 

 

 

"Egoera aldakorra da momenturik momentura", dio oharrak; baina dagoeneko erabaki hauek hartu ditu EEPFk: 

  • 1. jardunaldiko norgehiagoka hauek bertan behera uztea eta aurrerago jokatzea: Araba vs Gipuzkoa eta Errioxa vs Nafarroa
  • Momentuz Iparralde vs Bizkaia aurrez aurrekoa normaltasunez jokatuko da

 

 

 

Era berean, eta ezegonkortasuna kontuan izanik, hurrengo egunetan egoeraren azterketa egingo duela adierazi du, eta "erakunde publikoen agianduak eta gomendioak jarraituz" txapelketa honen inguruko erabakiak hartuko direla gaineratu du.

 

 

 

Albiste honen eranskinean irakur daiteke EEPFren oharra osorik.

 

 

 














Babesleak

Ir arriba