Eskuzko pilotak botearen arabera inpugnatzeko protokoloa, proba fasean
2020/01/29 | Lehiaketa
Udaberri Saria erabili nahi du GEPFk proba moduan, eta kluben balorazioak eta iritziak jaso eta aztertu; behin betiko proposamena Batzar Nagusira eramatea da asmoa, ideia balioztatzen saiatzeko, eta datorren denboralditik aurrera gainontzeko txapelketetan ere martxan jarri ahal izateko.
Esku pilotako espezialitatean materialaren bizitasunarekin dagoen arazo gatazkatsuari irtenbide bat eman nahian, pilotak inpugnatzeko protokoloa ezartzea proposatu die Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) lurraldeko klubei, materiala gehiegizkoa iruditzen zaienei (bai biziegia delako, baita motelegia delako ere) defendatzeko balioko diena.
Pilotalekuan hainbat proba egin eta inpugnatzeko protokoloa zein izan daitekeen eztabaidatu ondoren, zera egin dugu: alde batetik, eranskin bat sortu, non kategoria bakoitzerako egokitzat jotzen ditugun ibilbideak azaltzen diren (gehienezko eta gutxieneko baten artean). Bestetik, protokolo bat landu dugu, jokatzeko proposatutako materialarekin taldeen artean adostasunik ez dagoenean, jarraitu beharreko urratsak zeintzun diren zehazteko.
Gauzak horrela, Udaberri Saria erabili nahi dugu proba moduan. Behin txapelketa amaitzean, kluben balorazioak eta iritziak jaso nahiko genituzke (inkesta baten bidez). Horiek bilduta, guztiak aztertzea eta ondorioak ateratzea izango litzateke hurrengo pausoa. Eta behin betiko proposamena Batzar Nagusira eraman nahiko genuke, ideia balioztatzen saiatzeko, hala datorren denboralditik aurrera gainontzeko txapelketetan ere martxan jarri ahal izateko.
Albiste honi erantsitako artxiboan kontsulta eta deskarga daiteke sortutako eranskina ('Eskuko piloten ibilbidea').
Eta protokoloari dagokionean, ondorengo lerrotan laburbilduko ditugu ildo nagusiak:
|
|