Gipuzkoa bere lehenengo txapelaren bila, Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finalean
2019/10/24 | Lehiaketa
Aurreko asteburuan eguraldi txarragatik bertan behera gelditu eta gero, igandean neurtuko dituzte indarrak Gipuzkoak eta Bizkaiak, 12:00etan, Berrizen; laugarren finala da hau gipuzkoarrentzat; aurreko bi edizioetako txapeldunaren bolada eten eta lehendabiziko txapela janzteko gogotsu lehiatuko dira
Gipuzkoak Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko du, aurten ere. Edizio guztietan iritsi dira finalera Gipuzkoako ordezkariak; hau, beraz, beraien laugarren finala izango da. Gainera, azken bi urtetako aurkari bera izango dute aurrean: Bizkaia. Bizkaitarren bolada eten eta lehendabiziko txapela jantzi nahi dute gipuzkoarrek. Aurreko asteburuan euriagatik bertan behera gelditu eta gero, eta oraingoan eguraldiak laguntzen badu behintzat, bi selekzioen arteko lehia igandean izango da, 12:00etan, Berrizen (Bizkaia):
Urriak 27, igandea, 12:00, Berriz-Berrizburu plaza
Ondorengo pilotariek osatzen dute Gipuzkoa 2 taldea: Jon Urbieta, Andoni Urbieta, Ibai Urbieta, Gaizka Iruretagoiena, Iñaki Esnal, Aimar Orbegozo, Adrian Bengoa eta Jon Ander Esnaola.
Txapelketaren historiari eta palmaresari erreparatuta, lehendabiziko edizioan ere iritsi zen finalera Gipuzkoa 2 taldea, eta Lapurdi 1ek irabazi zion orduan. Bigarrengoan, berriz ere lehiatu zen finalean Gipuzkoa 2, eta norgehiagoka hartan Bizkaiak jantzi zuen txapela. Eta hirugarren edizioan Gipuzkoa 1 taldeak neurtu behar izan zituen indarrak Bizkaiaren aurka, eta berriz ere bizkaitarrek lortu zuten garaipena. Ea oraingoan Gipuzkoak aurreko urteetako arantza atera eta txapela janztea lortzen duen.
Guztira, Euskal Herriko 6 taldek hartu du parte Bote Luzeko IV. Txapelketan: Bizkaia, Gipuzkoa 2 eta Iparralde 3 (Nafarroa Beherea) taldeek osatu dute A multzoa, eta Gipuzkoa 1, Iparralde 1 (Itxasu, Lapurdi) eta Iparralde 2 (Senpere, Lapurdi) taldeek B multzoa.
Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago. Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da.
Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren webgunean, www.euskalpilota.org, aurki daiteke Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketari buruzko informazio gehiago. Eta gure webguneko Argazki galeriak txokoan ligaxkako irudi ugari daude ikusgai. |
|