Etengabe ikasten
2016/11/28 | Ikastaroak
Denboraldi honetan ere martxan da emakumezkoen paletako teknifikazio proiektua; 20 pilotaritik gora biltzen dira astero-astero entrenamenduetara, bai ezker hormara bai trinketera
Denboraldi honetan ere martxan da emakumezkoen paletako teknifikazio proiektua. Astero-astero biltzen dira hainbat mailatako pilotariak, bai frontoira bai trinketera, teknifikazio saioetara.
Emakumea Pilotari proiektuarekin batera jarri zituen martxan Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) emakumezkoen teknifikazio saioak, 2014-15 denboraldian. Ikasturte horretan proba egin zen hilabetez, eta hurrengo denboraldian urritik ekainera bitarteko eskaintza izan zen.
Hasierako urteetan, 2008-2009 denboraldira arte, hain zuzen, trinketerako teknifikazio saioak eskaintzen ziren soilik. Izan ere, ikusi zen pilotariek jokamolde horretan aritzeko arazoak zituztela. Ezohiko instalakuntza bat izateak eta bertan aritzeko beharrezko baliabiderik ez izateak espezialitate honetan aritzeko zailtasunak sortzen baitzituen.
Denboraldi hartatik aurrera, ordea, ezker hormara ere zabaldu zen eskaintza, eta arrakasta izugarria izan zuen, gainera. Hori dela eta, hurrengo urtean aurre-teknifikazio saioak egin ziren pilotariak aukeratzeko, eta adin muga ere jarri zen (25 urte) maila baxuena zuten taldeetan.
Azken urteotan, aldiz, teknfikazioko izen-emateak beherako joera hartu du, eta ez da aurre-teknifikaziorik egiten. Izena ematen duten pilotari guztiek dute saio hauetan aritzeko aukera.
Denboraldi honetan, hain zuzen ere, 20 pilotaritik gora ari dira parte hartzen teknifikazio saioetan, 14 ezker horman eta 15 trinketan (batzuk bitan jarduten dute). Ezker Hormako entrenamenduak astelehenetan izaten dira, Irurako Udal pilotalekuan, Jon Juanesen gidaritzapean. Eta Trinketekoak, berriz, asteartetan, Irurako Ametsa trinketan, Maitane Aburuzak gidatuta. Azken saio hauetan, hasiberrien taldeak ikasturtean zehar 10 bat saio egiten ditu (hilean bat edo bi), Hobetuz taldearen orduan; izan ere, talde honetakoak infantilen 2. mailakoak dira, eta trinketarekin lehen hartu-emana dute hauxe.
|
||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||