Luzean eta Zubieta taldeek jokatuko dute, igandean, Enrique Abril Errebote Txapelketaren finala
2016/11/24 | Lehiaketa
Euriagatik, bitan utzi behar izan da bertan behera; 11:00etarako da berriro deialdia, Villabonako Errebote plazan
Ea oraingoan, hirugarrengoan, posible den. Aurreko bi saiakerak antzuak izan dira eta. Euriagatik, bitan utzi behar izan da bertan behera Enrique Abril Errebote Txapelketaren finala. Eta igande honetara atzeratu da oraingoan (berriz ere bertan behera geldituko balitz, ikusteko dago hurrengo asteburuetarako programatuko den hala udaberrira atzeratuko den hitzordua). Luzean eta Zubieta taldeak izango dira aurrez aurre, Villabonako Errebote plazan, 11:00etatik aurrera:
Azaroak 27, igandea, 11:00, Villabona-Errebote plaza Luzean / Zubieta
Finalerdietan, Luzeanek Noizbat taldea hartu zuen mendean (13-3), eta Zubieta Endaiarrak taldearen aurka nagusitu zen (13-5).
Iazko final bera errepikatuko da aurtengo edizioan; Luzeanek irabazi zuen, 13-5eko emaitzarekin. 2013an ere aurrez aurre izan ziren donibandarrak eta zubietarrak, eta emaitza berarekin irabazi zuten lehenek. Eta denboran atzerago eginda ere neurtu dituzte indarrak: 1989an, Zubietakoak izan ziren txapeldun; Yoko Garbi 13-8 gailendu zitzaion Luzeani.
Luzean da, hain zuzen ere, txapel gehien dituen taldea Enrique Abril Errebote Txapelketan: 15, eta beste 10 aldiz izan da txapeldunorde. Atzetik ditu Aviron Bayonnais, 14 txapelekin (6 aldiz azpitxapeldun); Kapito Harri, 11rekin (7 aldiz txapeldunorde); Behar Zana eta Noizbat, 4rekin (8 eta 7 aldiz azpitxapeldun, hurrenez hurren); Endaiarrak 2rekin (behin txapeldunorde); eta Zaharrer Segi eta Yoko Garbi, banarekin (lehenak beste behin izan dira azpitxapeldun eta bigarrenak 6 aldiz). Zubieta taldearentzat lehendabiziko txapela izango litzateke igandekoa; 3 aldiz izan dira txapeldunorde: 2010ean, 2013an eta iaz.
Euskal Herriko zortzi taldek hartu dute parte 2016-17 denboraldiko Enrique Abril Errebote Txapelketan. Horietatik hiru Gipuzkoakoak: Behar Zana (Villabona), Txost (Oiartzun) eta Zubieta (Zubieta). Eta beste bostak Lapurdikoak: Endaiarrak (Hendaia), Kanboarrak (Kanbo), Luzean (Donibane Lohizune), Noizbait (Hazparne) eta Senpere (Senpere).
Lehiaketa-Federatua-Enrique Abril eta Kartelera ataletan kontsulta daiteke txapelketaren inguruko informazio guztia. |
|