Deskargatu eta probatu gure aplikazioa!
2016/09/22 | Aurkezpenak
Txapelketa guztien jarraipen zehatza egiteaz gain, jokalari eta talde gogokoenak aukeratu eta horien berri jasotzeko parada eskaintzen du, besteak beste; doan deskarga daiteke
Indartsu hasi da 2016-17 denboraldia. Eta gure webguneaz eta sare sozialez gain, zer hobeto lehiaketa ofizialak jarraitzeko gure aplikazioa baino.
Aurreko denboraldian jarri zuen martxan Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) gailu mugikorretarako aplikazio berria. Dohainik deskarga daiteke, Google Play-en eta App Store-an.
Informazio eguneratua eskaintzen du aplikazioak. www.gipuzkoapilota.eus webguneak bezala, hainbat aukeratako menua du denboraldia eta lehiaketa jarraitzeko. Besteak beste, astez asteko kartelera kontsultatzeko aukera, eta baita bilaketa zehatzak egitekoa ere. Lehiaketa atalean, nahi den txapelketari buruzko informazioa kontsulta daiteke. Eta Berriak atalean, azken albisteak azaltzen dira, eta aurrekoak bilatzeko aukera ere badago. Konfigurazioa atalean, bestetik, ezarpenak ditu eskura erabiltzaileak: hizkutza aukeratu, berrien jakinarazpena jaso nahi den ala ez klikatu, klubak eta pilotariak aukeratu...
Izan ere, webgunearen isla izateaz gain, zenbait berrikuntza eskaintzen ditu aplikazioak. Besteak beste, talde zein jokalari gogokoenak aukera ditzake erabiltzaileak, eta haien inguruko jarraipen zehatza egin. Esaterako, GEPFk bere webgunean aukeratutako talde eta jokalari horien inguruko informazioa eguneratzen duen bakoitzean, jakinarazpen bat iritsiko zaio erabiltzaileari bere gailu mugikorrera. Hala, haien partiden emaitzak edo ordutegiak esku-eskura izango ditu beti. Gainera, talde zein jokalari horien estatistikak ere emango ditu aplikazioak, grafiko eta portzentajeen bitartez. Eta bestelako jakinarazpenak ere jasoko ditu erabiltzaileak, hala nahi izanez gero; adibidez, albiste berri bat sortzen den bakoitzean. Esan bezala, jakinarazpen guztiak pertsonalizatu daitezke.
Hastapenetan sortutako arazoak konpondu ditugu. Dena den, gustura jasoko ditugu zuen ekarpenak, horrek lagunduko baitigu hobetzen eta zerbitzu hobea eskaintzen.
Beraz, badakizue, aplikazioa deskargatu eta animatu probatzera! |
|