Eskuko teknifikazio proiektua, martxan

2016/09/13 | Ikastaroak

2016-17 denboraldiko proiektua infantil eta kadete kategorietako pilotariei dago zuzenduta, eta eskualdeetara ere zabalduko da; izen-ematea oso arrakastatsua izan da; irailean hautaketa probak izango dira, eta urrian ekingo diete entrenamenduei

2016-17 denboraldiko Gipuzkoako eskuko teknifikazio proiektua martxan dago dagoeneko. Klubei laguntzeko eta pilotariei goi mailako entrenamenduak emateko asmoz sortu zen proiektua; Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) ere jarraipena egiteko aukera izango zuen honela.

 

Orain hiru denboraldi berriro martxan jarritako proiektuak aurtengoan aldaketa batzuk izango ditu. Aurreko urteetako esperientzia oso ona izan den arren, haratago joateko zegoen helburua aurtengoan beteko dugula esan daiteke.

 

Orain arte, Donostiako Atano III.a frontoian izan dira saioak, Gipuzkoako 12 infantil eta 12 kadete onenei entrenamenduak eskainiz. Aurten, infantil eta kadete kategorietako pilotari gehiagorengana iritsi nahi dugu, eskualdeetan ere pilota sustatuz. Honela, Gipuzkoa mailako entrenamenduez gain eskualdeetan ere teknifikazio entrenamenduak eskainiko dira. Honek eskualdeetako klub eta pilotarien arteko harremana hobetu dezakeela uste dugu, kluben arteko sinergiak lortuz eta eskualde mailan pilota sustapenerako ekimenak sortuz.

 

Gipuzkoa mailako entrenamenduak Atanon egiten jarraituko dugu. Ondoren eskualdeko entrenamenduak osatuko dira. Adunan, esaterako, Goierri, Tolosaldea eta Aiztondo eskualdeetako pilotariak entrenatuko dira. Lasarte-Orian, berriz, Bidasoa, Oarso eta Buruntza eskualdeetakoak. Azkenik, Zestoan, Deba eta Urola eskualdeetakoak. Honela, guztira 80 pilotarirengana iritsi nahi dugu.

 

Entrenatzaileen artean izen ezagunak daude, gainera. Egun goi mailan diharduten gipuzkoar pilotariak ariko dira entrenatzaile lanetan. Eskualdeetan Beñat Rezusta, Ander Imaz eta Andoni Ugalde izango dira entrenatzaileak. Atanon, berriz, Iraitz Olaetxeak beteko du toki hori.

 

Abuztuan zabaldu zen izen-ematea klubentzat, oso arrakastatsua izan dena, eta aurten inoiz baino kopuru handiagoa izan da: 24 klubek eman dute izena, guztira 97 pilotari.

 

DENBORALDIA

KLUB KOPURUA

PILOTARI KOPURUA

infantilak

kadeteak

GUZTIRA

2013 - 14

 

 

 

 

2014 - 15

21

28

31

59

2015 - 16

25

31

38

69

2016 - 17

24

52

45

97

 

 

Irailaren 7a, 14a, 21a eta 28a erabiliko dira pilotariak aukeratu eta taldeak osatzeko. Eta urrian emango zaie hasiera entrenamenduei, bai eskualde bakoitzean bai Gipuzkoa mailan.

 

 

 














Babesleak

Ir arriba