Asteburuan jokatuko dira Gipuzkoako txapelketako hainbat finalerdi

2014/11/06 | Lehiaketa

Pala motza nagusien (2. eta 3. mailak), gomazko paleta mutil nagusien (1. maila) eta eskuz binaka ohorezko mailako finalerdiak.

Ezker Hormako Elkarteen Arteko Gipuzkoako Txapelketa bide onean da eta dagoeneko hainbat modalitatetako lehiak azken txanpan sartu dira. Hala nola, eskuz binaka ohorezko mailako pilotariak, pala motzean aritzen diren nagusiak (2. eta 3. mailak) eta gomazko paletako mutil nagusiak (1. maila) azken fasean sartu dira.

 

Pala motza nagusiko finalerdiak ostiralean, azaroak 7, eta larunbatean, azaroak 8, jokatuko dira. 2. mailan Real Sociedad-Gazteleku eta Euskal Jolas I-Txost izango dira aurrez aurre. 3. mailan berriz, Gazteleku-Altzatarra eta Landare-Urnieta I. Garaile ateratzen diren taldeak hurrengo asteburuan finalean neurtu beharko dituzte euren indarrak.

 

Gomazko paleta mutil nagusien kasuan joaneko finalerdiak jokatuko dira ostiral honetan. Real Sociedad-Zarautz eta Usurbil-Loiolatarra lehiatuko dira. Hurrengo asteburuan, azaroaren 16ko asteburuan bueltako finalerdiak jokatuko dituzte eta partida erabakiorrak izango dira. Finala azaroaren 23ko asteburuan izango da.

 

Azkenik, eskuz binaka ohorezko mailako lehiari dagokionean ere, asteburu honetako partidak joaneko finalerdiak izanen dira, Zazpi Itturri-Ilunpe eta Hernani-Usurbil I aurrez aurre. Hurrengo asteburuan jokatuko dira bueltako finalerdiak eta finala azaroaren 30eko asteburuan izango da.

 

Txapelketari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero webgune honetako Lehiaketa eta Kartelera atalak bisita ditzakezue.

 

 

 














 

Babesleak

Ir arriba