2014-2015 denboraldia asteburuan hasiko da

2014/09/04 | Lehiaketa

Ezker Hormako eta Trinketeko Gipuzkoako Elkarteen Arteko Txapelketek eta Enrique Abril Errebote Txapelketak emango diote hasiera denboraldi berriari.

Hemen da 2014-2015 denboraldia. Iraileko lehen asteburuan Ezker Hormako eta Trinketeko Gipuzkoako Elkarteen Arteko Txapelketek emango diote hasiera denboraldi berriari. Enrique Abril Errebote Txapelketa ere asteburu honetan hasiko da.

Urtero legez, palako espezialitatearekin hasiko da Ezker Hormako Gipuzkoakoa. Nagusien mailan jokatuko dute, gizonezkoek. 3 jardunaldiko ligaxka izango da, irailaren 26an (ostirala) jokatuko dira finalerdiak, eta irailaren 28an (igandea) finala. Andoaingo Arrate frontoiak hartuko ditu partidak.


Trinketeko Gipuzkoako Elkarteen Artekoari dagokionean, larruzko paletan ariko dira, gizonezkoak, nagusien mailan. Hemen ere 3 jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, eta irailaren 28an izango da finala. Norgehiagoka guztiak Donostiako Gaska trinketean izango dira.


Irailaren 21eko asteburuan hasiko dira Ezker Hormako Gipuzkoako Elkarteen Arteko Txapelketako gainontzeko espezialitateak.

Bestalde, igande honetan 51. Enrique Abril Errebote Txapelketa jarriko da martxan. Erreboteko espezialitatean jokatzen da, nagusien kategorian.


Edizio honetan Euskal Herriko zazpi taldek hartuko dute parte. Horietatik hiru dira Gipuzkoakoak: Behar Zana (Villabona), Txost (Oiartzun) eta Zubieta (Zubieta); beste hiru Lapurdikoak: Kapito Harri (Uztaritze), Luzaz Gazte (Donibane Lohizune) eta Endaiarrak (Hendaia); eta bat Nafarroa Beherekoa: Zaharrer Segi (Baigorri).

Webgune honetako Lehiaketa atalean kontsulta daitezke lehiaketa sistemak eta egutegiak. Eta, astero-astero, baita Emaitzak eta Kartelera ere.

 

 

 














Babesleak

Ir arriba