Joan den igandean (2013-10-20) L. Enrique Abril Errebote Txapelketa - Kutxa Sariko finalerdia jokatuko zen Zubietan. Zaharrer Segi eta Zubieta taldeak izan ziren aurrez-aurre eta talde gipuzkoarra atera zen garaile, 11-13. Zubietak finalean egotea lortu du,beraz.
Era berean, igandean ere B multzoko ligaxkako azken partida jokatu zen.Txost- Kapito Harri arteko partida, hain zuzen. Kapito Harrik irabazi zuen errebote partida, diferentzia handi xamarrarekin gainera, 13-3.
Horrela, asteburu honetan jokatuko da Enrique Abril Errebote Txapelketako bigarren eta azken finalerdia, Luzaz Gazte eta Kapito Harri taldeen artekoa. Hain zuzen ere, igandean izango da, 11:00etan hasita, Oiartzungo plazan:
*Urriak 27, igandea, Oiartzun- L-Enrique Abril-Kutxa Sariko finalerdia
Errebote nagusiak: Luzaz Gazte- Kapito Harri
Eguraldi txarragatik Oiartzungo plaza bustita edo jokatzeko moduan ez balego, Zubietara eramango litzateke jaialdia.
Finalerdian garaile ateratzen den taldeak Zubietaren kontra jokatuko du finala. Igandean jakingo da hortaz, finalean Zubietarekin batera egongo den beste taldea.
Edizio berezia da, gainera, aurtengoa; izan ere, 50 urte betetzen ditu txapelketak.
Hau ospatzeko, urte hauetan txapeldun izan diren talde guztiak gonbidatu ditu Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF). Zoritxarrez, pilotarien lesioak eta lan arazoak direla medio, zenbait taldek ezin izan dute jokatu 50. edizio honetan. Baina Baigorriko Zaharrer Segi, Uztaritzeko Kapito Harri eta Donibane Lohizuneko Luzaz Gazte lehiatzeko prest dira, Gipuzkoako hiru talderekin batera: Zubieta, Villabonako Behar Zana eta Oiartzungo Txost.
Kutxak ere ez du zita berezi hau galdu nahi izan, eta bere babesa jaso du Enrique Abril Errebote Txapelketak.
Txapelketaren jarraipena egin nahi izanez gero, web gune honetako Lehiaketa eta Kartelera atalak bisita ditzakezue.