Herriarteko Txapelketan, espezialitate guztietako lehiak jarriko dira martxan asteburuan
2019/05/08 | Lehiaketa
Joan den jardunaldian hasi zen txapelketa, eskuko lehiarekin, eta asteburu honetan gainontzeko espezialitateak gehituko zaizkio; 19 herrik eman du izena aurten eskuz, 8 ariko dira larruzko paleta eta pala motzeko lehian, 4 zesta-puntaz eta 16 gomazko paletaz
Joan den asteburuan (2019-05-05) abiatu zen 2019ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, eskuko lehiarekin. Eta jardunaldi honetan gainontzeko espezialitateak gehituko zaizkio: hau da, larruzko paleta eta pala motzeko, zesta-puntako eta gomazko paletako lehiei ekingo diete pilotariek. Hala, eskuz final-hamaseirenen itzuliko jaialdiak jokatuko dituzte, larruzko paleta eta pala motzeko lehia final-laurdenen joanekoekin hasiko da, zesta-puntaz ligaxkako 1. jardunaldia izango dute jokoan, eta gomazko paletako lehian final-zortzirenen joanekoak izango dira ikusgai. Hauxe da, hain zuzen ere, asteburu honetarako kartelera:
MAIATZAK 10, OSTIRALA
- 19:15, Oiatzun-Madalensoro: OIARTZUN / ORDIZIA (larruzko paleta eta pala motza) - 19:30, Aretxabaleta-Udalekoa: ARETXABALETA / ZESTOA (eskua) - 19:40, Errenteria-Agustina Otaola: ERRENTERIA / ANDOAIN (gomazko paleta) - 19:45, Bergara-Munizipala: BERGARA / ADUNA (eskua) - 20:00, Aia-Udalekoa: AIA / HERNANI (gomazko paleta) - 20:00, Elgoibar-Ikastola: ELGOIBAR / TOLOSA (gomazko paleta) - 20:15, Andoain-Arrate: ANDOAIN / AMASA-VILLABONA (eskua) - 20:45, Anoeta-Alkartasuna: ANOETA / AZPEITIA (gomazko paleta) - 21:00, Mutriku-Miruaitz: MUTRIKU / AZKOITIA (gomazko paleta)
MAIATZAK 11, LARUNBATA
- 11:00, Lazkao-Joxe Miel Barandiaran: LAZKAO / DEBA (larruzko paleta eta pala motza) - 11:00, Zumaia-Aitzuri: ZUMAIA / IRUN (gomazko paleta) - 16:30, Zumaia-Aitzuri: ZUMAIA / MUTRIKU (zesta-punta) - 17:30, Donostia-Altza: DONOSTIA / OLABERRIA (larruzko paleta eta pala motza) - 18:00, Astigarraga: ASTIGARRAGA / DONOSTIA (gomazko paleta) - 19:00, Andoain-Arrate: ANDOAIN / ERRENTERIA (larruzko paleta eta pala motza)
Apirilaren 16an aurkeztu genuen aurtengo txapelketa, Zubietako Araeta sagardotegian, Tolosako Bridge hizkuntza eskola eta Gipuzkoako Foru Aldundia babesle direnen presentziarekin. Araeta, Astore eta Donostiako Udala dira aurtengo gainontzeko laguntzaileak. Aurkezpen horretan kanporaketen zozketa egin genuen, eta albiste honi erantsitako dokumentuetan ikus daitezke zozketak emandakoak. 19 herrik eman du izena eskuko lehian, 16 ariko dira gomazko paletaz, 8 pala motzez eta larruzko paletaz eta 4 zesta-puntaz. Hain zuzen ere, honakoak dira:
GOMAZKO PALETA
PALA MOTZA ETA LARRUZKO PALETA
ZESTA-PUNTA
Finalei dagokienean, lehendabizikoa larruzko paleta eta pala motzeko lehiarena izango da, ekainaren 9ko asteburuan; Donostiako Altza auzoan jokatuko da. Ondoren, gomazko paletako zein zesta-puntako finalen txanda izango da, biak ekainaren 23ko jardunaldian. Gomazkoaren egoitza erabakitzeko dago, eta zesta-puntakoa Zumaian izango da aurten. Azkenik, eskuko finala ekainaren 29an, larunbata, jokatuko da, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.
52. edizioa izango da aurtengoa eskuz, 29.a palaz, 22.a zesta-puntaz, eta 2.a gomazko paletaz. Urte hauetan guztietan Azkoitiak jantzi ditu txapel gehien eskuko txapelketan, 16, hain zuzen ere (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde); Azpeitia da bigarren palmaresean, 7 txapelekin (3 bider azpitxapeldun); eta Donostia hirugarren, 6rekin (4tan txapeldunorde). Iazko edizioa Azpeitiak irabazi zuen, eta Ataun izan zen txapeldunorde. Palaz, Donostiak ditu txapel gehien, 7 (6 aldiz izan da txapeldunorde); Andoain da bigarren postuan, 6 txapelekin (5 bider azpitxapeldun); eta Errenteria eta Olaberria dira hirugarren postuan, 5na txapelekin (Errenteria hiru ediziotan txapeldunorde eta Olaberria bitan). Oiartzunek irabazi zuen iaz, eta Errenteria izan zen txapeldunorde. Zesta-puntaz Zumaia da jaun eta jabe, 9 txapelekin (10 aldiz txapeldunorde); Mutriku du atzetik, 5 txapelekin (3 bider azpitxapeldun); eta Tolosa da hirugarren postuan, 4 txapelekin (6tan txapeldunorde). Iazko edizioa Zumaiak irabazi zuen, eta Mutriku sailkatu zen bigarren. Gomazko paletaz, azkenik, Donostiak estrenatu zuen palmaresa iaz, lehen edizioa irabazita. Eta Azpeitia izan zen txapeldunorde.
Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa atalean egongo da eskuragarri txapelketaren inguruko informazio guztia. |
|