Igandean jokatuko da Enrique Abril Errebote Txapelketako finala, Oiartzunen
2012/06/14 | Lehiaketa
Kapito Harri eta Luzaz Gazte izango dira aurrez aurre; 11:00etan hasiko da norgehiagoka
Eguraldi txarra zela medio, eta behin baino gehiagotan atzeratu behar izan eta gero, azkenean udazkenean behin-behinean bertan behera utzi behar izan zen XLVIII. Enrique Abril Errebote Txapelketa-Kutxa Saria. Bada, hilabete batzuk geroago ekingo zaio lehiaren azken hitzorduari.
Hain zuzen ere, igande honetan bertan (2012-06-17) jokatuko da 2011-12ko edizioko finala. Kapito Harri (Uztaritze, Lapurdi) eta Luzaz Gazte (Donibane Lohitzune, Lapurdi) izango dira aurrez aurre. 11:00ean hasiko da jaialdia, Oiartzungo Beheko Plazan:
Errebotea, nagusiak: KAPITO HARRI / LUZAZ GAZTE
Euskal Herriko bost taldek hartu dute parte aurtengo Enrique Abril Txapelketan. Horietatik hiru Gipuzkoakoak: Behar Zana (Villabona), Txost (Oiartzun) eta Zubieta (Zubieta); eta beste biak Lapurdikoak: Kapito Harri (Uztaritze) eta Luzaz Gazte (Donibane Lohizune).
Kapito Harri zuzenean sailkatu zen finalera, jokatutako norgehiagoka guztiak irabazita. Bigarren eta hirugarren sailkatuek, Luzaz Gaztek eta Zubietak, hurrenez hurren, finalerdia jokatu behar izan zuten beste txartelaren bila: lehenek irabazi zuten, 13-4.
|
|