Azkenean ezin txapela jantzi
2018/11/06 | Lehiaketa
Azken segundoan partida berdindu eta luzapenean irabaziz jantzi du txapela Bizkaiak Gipuzkoa 1 taldearen kontra, Bote Luzeko III. Euskal Herriko Txapelketaren finalean
Ia-ia, baina azkenean ezin txapela jantzi. Bote Luzeko III. Euskal Herriko Txapelketaren finala jokatu zuten Bizkaia eta Gipuzkoa 1 taldeek, azaroaren 1ean, Oiartzunen. Joan den urriaren 6an bertan behera utzi behar izan zuten partida, euriagatik. Eta oraingoan berriz ere zeruari begira, baina lehiarekin jarraitu ahal izan zuten. Eta emozioz beterikoa izan zen, gainera. 0-1 hasi ziren gipuzkoarrak (hala zioen markagailuak partida bertan behera gelditu zenean), baina azkenean bizkaitarrentzat izan zen txapela.
Azaroak 1, osteguna, 16:00, Oiartzun-Beheko Plaza
Gipuzkoa 1 0-3 jarri zen aurretik, eta baita 1-4 ere. Baina bizkaitarrek moztu egin zuten bolada hori, eta azkeneko segundoan (75 segundo irauten du partidak) 4nako berdinketa lortu zuten. Gauzak horrela, luzapena jokatu behar izan zuten. Luzapenean, berriro jarri ziren aurretik gipuzkoarrak, 0-30. Baina bizkaitarrek beste behin markagailuari buelta eman eta 5-4 irabazi zuten, txapela jantziz horrela.
Txapelketaren edizio guztietan iritsi da Gipuzkoa finalera, baina oraindik ez du txapelik janzterik lortu: lehendabizikoan Gipuzkoa 2k Lapurdi 1en aurka galdu zuen, bigarrengoan Gipuzkoa 2k Bizkaiaren kontra, eta oraingoan Gipuzkoa 1ek berriro Bizkaiaren aurka. Saiatzen jarraitu behar.
Ondorengo pilotariek osatu dute Gipuzkoa 1 taldea: Unai Alvarez, Beñat Arzelus, Julen Chiapuso, Iñaki Esnal, Julen Iribar, Iban Jauregi, Ekaitz Lasa eta Andoni Zabala.
Guztira, 8 taldek jokatu dute Bote Luzeko Euskal Herriko III. Txapelketa, bi multzotan banatuta: Bizkaia, Gipuzkoa 1, Iparralde 2 (Sara) eta Iparralde 3 (Itxasu) A multzoan, eta Gipuzkoa 2, Iparralde 1 (Senpere), Iparralde 4 (Donapaleu) eta Nafarroa B multzoan.
Oiartzungo Txost pilota klubak hartu du hirugarren edizioa antolatzeko ardura, joko zuzenak berreskuratzeko eta bultzatzeko lanean buru-belarri dabilen kluba.
Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago. Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da.
Webgune honetako Argazki galeriak txokoan daude ikusgai finaleko hainbat irudi, eta baita txapelketako beste zenbait partidetakoak ere. |
|