Emakumea Pilotari Txartela, eskuragarri
2018/11/08 | Ikastaroak
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak federatu mailan lehiatu ez arren euskal pilotan aritzen diren emakumeei zuzendutako txartel berri bat da; istripu eta erantzukizun zibileko aseguruak eskaintzen ditu, eta baita Emakumea Pilotari egitasmoko hainbat ekintzetan doako izen-ematea ere; dagoeneko egin daiteke eskaria, federazioan
Federatu mailan lehiatu ez arren euskal pilotan aritzen diren emakumeek eskaintza berri bat izango dute ikasturte honetan Gipuzkoan. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak sustatutako (GEPF) Emakumea Pilotari Txartela, hain zuzen ere.
Euskal pilota praktikatzen ari direnerako istripu asegurua eskaintzen du Emakumea Pilotari Txartelak, eta baita erantzukizun zibileko asegurua ere. Gainera, GEPFk antolatzen dituen Emakumea Pilotari egitasmoko hainbat ekintzetan doako izen-ematea ahalbidetzen du, hala nola, Emakumea Pilotari Txapelketa Azkarra (abenduan), Emakumea Pilotari Eguna (maiatzean) eta ikastaro puntualak.
50 euro balio du txartelak, eta ikasturte baterako da baliagarria (urtero berritzeko aukerarekin). Aurtengoak, 2018ko urriaren 1etik 2019ko irailaren 30era bitarteko iraupena dauka.
Dagoeneko badago txartela eskatzeko aukera. Interesa duenak Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioarekin harremanetan jarri besterik ez du; mezu bat bidali behar du etxebe.pilota@kirolak.net helbidera, honako datuak garbi adieraziz: izena, bi abizenak, jaiotze data, nortasun agiriaren zenbakia eta helbide elektronikoa.
Ordainketarako bi aukera daude. Alde batetik, federazioaren kontuan ordainketa egin eta ordainagiria etxebe.pilota@kirolak.net helbidera helarazi: ES12- 0138 0001 1300 1067 4433 (BANKOA). Edo, bestetik, federazioari datuekin bidalitako eskaera mezuan norberaren kontu korrontearen zenbakia ere eman, eta federazioak kargua egin.
Edozein zalantza argitzeko ere etxebe.pilota@kirolak.net helbidera idatzi edo 943 47 14 63 telefono zenbakira dei daiteke. Animatu eta baliatu aukeraz! |
|