Jokoan da eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa
2018/10/16 | Lehiaketa
Alebin eta infantil kategorietako 260 bat pilotari lehiatuko dira, buruz buru; abenduaren 30eko jardunaldian jokatuko dituzte finalak
Asteburuan (2018-10-21) hasiko da eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa. Alebin eta infantil kategorietako (2007, 2006 eta 2005. urteetan jaiotakoak) 260 pilotari baino gehiago lehiatuko dira, buruz buru, baina klubaren izenean.
Denboraldiko Errendimenduko lehendabiziko txapelketa da hauxe, eskuko espezialitateari dagokionean. Urte bukaerara arte luzatzen da. Ondoren, urte berriarekin batera, eta martxora bitarte, eskuz binakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da. Eta azkenik, apirila aldean hasi eta ekainera bitarte, beste bi lehia izango dira: Errendimenduko Udaberri Saria, eskuz binaka, eta Berezkoen Gipuzkoako Txapelketa, eskuz banaka.
Esan bezala, 265 taldek eman du izena eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketan: alebinetan (2007an jaioak), 110 talde lehiatuko dira, 19 multzotan banatuta; eta infantiletan, 82 talde alde batetik (2006an jaiotakoetan), 14 multzotan banaturik, eta 73 bestetik (2005ean jaiotakoak), 13 multzotan.
Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute guztiek, urriaren 21eko jardunaldian hasi eta azaroaren 18kora bitartean. Eta denek jarraituko dute aurrera bigarren fasera, kanporaketena: maila guztietan, multzo bakoitzeko 1. eta 2. sailkatuek Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute, eta 3. postutik 6. postura sailkatutakoek eskualdeko txapelketak, bitan banatuta: Ekialdeko Txapelketa eta Mendebaldekoa.
Abenduaren 23ko astebururako aurreikusten dira finalerdiak. Eta final guztiak (bai Gipuzkoakoak bai bi eskualdeetakoak) abenduaren 30eko jardunaldian jokatuko dituzte, oraindik zehazteko dauden egoitzetan.
Eskuz banakako Errendimenduko Gipuzkoako Txapelketaren xehetasun guztiak webgune honetako Lehiaketa-Errendimendua-Gipuzkoa eskuz banaka atalean kontsulta daitezke, eta bai bertan bai Kartelera atalean txapelketaren astez asteko jarraipena egin. |
|