Azpeitiak irabazi du Herriarteko Eskuzko Txapelketa, laugarren urtez jarraian
2018/07/04 | Lehiaketa
Txapelketaren historian hori egiten duen lehendabiziko herria da; finalera lehendabiziko aldiz iristea lortu duen Ataun hartu zuen mendean, 2-1
Azpeitiak irabazi du 2018ko Gipuzkoako Herriarteko Eskuzko Txapelketaren finala, laugarren urtez jarraian. Eta, hala, txapelketaren historian hori lortzen duen lehendabiziko herria da. 2-1 irabazi zioten azpeitiarrek Atauni, zalez eta giro onez bete zen Donostiako Atano III.ean:
Ekainak 30, larunbata, 16:30, Donostia-Atano III.a
AZPEITIA 2 / ATAUN 1
1. Kadeteak:
2. Jubenilak:
3. Nagusiak:
Pilotari hauek osatu dute Azpeitiko taldea aurtengo edizioan: Jon Alberdi, Unai Alberdi, Oier Apezetxea, Auritz Arrizabalaga, Aimar Egiguren, Iker Egiguren, Julen Egiguren, Jakes Elosegi, Gorka Iriarte, Ekaitz Isasmendi, Josu Labaka, Haritz Larrañaga, Daniel Murgiondo, Jabi Odriozola, Mikel Unanue eta Josu Uzkudun. Eta ondorengoek Ataun: Endika Apalategi, Ibai Arratibel, Aimar Aierbe, Arkaitz Baztarrika, Josu Etxeberria, Eneko Goikoetxea, Unai Goikoetxea, Aitor Kerejeta, Beñat Nar, Iñigo Zabala, Aimar Zaldua eta Iraitz Zubizarreta.
Esan bezala, azken lau edizioak irabazi ditu Azpeitiak, orain arte inork lortu ez duena eginez. Denera, 7 txapel dituzte azpeitiarrek, urte hauetan irabazitakoak: 2004an (Hernaniren aurka), 2008an (Donostiari), 2010ean (Hernaniri), 2015ean (Tolosa mendean hartuta), 2016an (Astigarragaren kontra), 2017an (Oiartzuni nagusituta), eta azkena aurtengoa. Eta beste 3tan izan dira txapeldunorde: 1995 eta 1996an (bietan Azkoitiak irabazi zuen) eta 2007an (Arrasaterentzat txapela). 51 ediziotatik 41 aldiz hartu du parte Azpeitiak Herriarteko Eskuzko Txapelketan, eta 10 final jokatu ditu.
Ataun 19 bider lehiatu da txapelketan. Eta aurtengo edizioa historikoa izan da haientzat ere, lehenengo aldia baitzen finalera iristen zirena. Bigarren postu batekin estrenatu dira, beraz, palmaresean.
Azkoitiak jarraitzen du lider zerrenda horretan, 16 txapelekin (beste 6 aldiz txapeldunorde izan da). Azpeitiak egin du koska bat gora aurtengo garaipenarekin, 7. txapelarekin (3tan txapeldunorde). Eta Donostia da orain hirugarren, 6 txapelkekin (4 bider azpitxapeldun).
2018ko edizioan 18 herrik eman zuten izena eskuzko lehian, hauexek: Aia, Altzo, Andoain, Asteasu, Astigarraga, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bidania-Goiatz, Donostia, Errenteria, Hernani, Oiartzun, Oñati, Tolosa, Zizurkil eta Zumaia.
Edizio berezia izan da, gainera. Azpeitiaren eta Ataunen lorpenez gain, emakumeen parte-hartzeari dagokionean bi berri pozgarri izan baitira. Alde batetik, Andoaingo pilotari Nora Mendizabalek Zizurkilen kontrako kanporaketa jokatu zuen Andoainekin, horrela Herriartekoan jokatu duen lehendabiziko emakumea izanik. Eta, bestetik, Jaione Larrañaga epaile getariarrak eskuzko finalean epaile izan zen, orain arte soilik gizonezkoek jardun duten lekuan. Bejondeiela!
Herriarteko Eskuzko Txapelketaren inguruko informazio guztia webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa-Eskua atalean dago eskuragarri: https://bit.ly/2yuUos1. Eta finaleko irudi bilduma ikusgai da Argazki galeriak atalean: https://bit.ly/2KKBuPw |
|