Gurpil Aulkiko Gomazko Paletako Txapelketa, estreinakoz

2011/10/20 | Lehiaketa

Txapelketa berria eta berritzailea hartuko du 2011-12 denboraldiak. Estreinakoz, Gurpil Aulkiko Gomazko Paletako Txapelketa antolatu baitute Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak.  Larunbat honetan bertan hasi (2011-10-22) eta abendura bitartean jokatuko da, lurraldeko hainbat txokotan.
 

 

Oraingoz, sei lagun ariko dira: Edurne Unamuno, Andoni Aizpeolea, Urko Peña, Patxi Fadrique, Edorta de Anta eta Beñat Lizaso. Baina parte-hartzea zabalik da edonorentzat, eta ez bakarrik gurpil aulkian ibiltzen direnentzat, gainera. Pilotari ezinduak ez direnek ere jokatu ahal izango dute, beti ere ordezko postua hartuz eta gainontzekoek bete beharreko joko araudi berak betez. Izan ere, integrazioa bultzatu eta bestearen lekuan jartzea lortu nahi du, besteak beste, ekimen honek.


 

Ondorengo ezaugarriak izango ditu lehiak:
 

- Partidak 25 tantora.

- Pilota: mollepelle urdina.

- Paleta: errefortzu gabeko paleta.

- Sakea: 1. botea 3. koadroaren atzetik (10,5m), faltako marra 2. koadroan (7m) eta luze marra edo pasa 4. koadroan (14m).

- Pilotariek airez, bote baten ondoren eta bigarren botearen ondoren jo dezakete pilota. Hirugarren botea egiten badu, txarra izango da beranduegi jo duenarentzat.

 
 

Partidak larunbatetan izango dira, egoitza desberdinetan, hala, ekimenaren berri han-hemen emanez:
 

- 1. jardunaldia: urriak 22, Usurbilen.

- 2. jardunaldia: azaroak 5, Antzuolan.

- 3. jardunaldia: azaroak 19, Zegaman.

- 4. jardunaldia, finala: abenduak 17, Lasarten, Loidibarrenen (kiroldegi ondoko pilotalekuan).

 

 

Lehendabiziko hiru jardunaldiei dagokienean, bakoitzean hiru bikote finko izango dira, eta hiruren arteko ligaxka jokatuko da. Hiruretan, beraz, hiru norgehiagoka izango dira ikusgai, eta bikote bakoitzak bi jokatuko ditu. Irabazle bakoitzari bina puntu emango zaizkio eta galtzaile bakoitzari bana. Ondoren, lehendabiziko hiru jardunaldien azken sailkapena kontuan hartuz, bikoteak antolatuko dira berriro. Eta laugarren jardunaldian bikote horien arteko ligaxka eta behin betiko sailkapena egingo da

 

 

Webgune honetako Lehiaketa-Egokitua atalean aurkituko duzue txapelketaren inguruko xehetasun gehiago, eta bai bertan bai Kartelera atalean egin ahal izango duzue astez asteko jarraipena. Argazki galeriak atalean hainbat irudi daude ikusgai.

 

 

 














 

Babesleak

Ir arriba